Magiaren mila aurpegi, Elgetan

Txomin Madina Milikua 2014ko mai. 11a, 23:02
Magia karta jokoetara eta mugatzen dela uste duena oker dabil. Horretaz ohartzeko, eta bide batez, ordu eta laurden inguru aho bete hortz emateko aukera izan da asteburu honetan Elgetan. Dagoeneko hamargarren edizioa duen Magia Mostra egin dute bertan, eta atzoko Magia Galan, jatorri eta adin askotariko magoek erakustaldi ederra egin zuten.

Ruben Vilagrand andaluziarrak eman zion hasiera ikuskizunari eta bere erakustaldian zehar, neurri baten Biblian kontatzen den mirari ezagunenetakoa errepikatu zuen: hasieran bakarra zen ardo botila, sei aldiz biderkatu. Burdinazko sabela ei du gainera Vilagrandek. Nola uler daiteke bestela arrantzarako amuak jan eta ondoren bizirik jarraitzea?

Vittorio Marino italiarraren txanda heldu zen gero. Gizon kuriosoa benetan; izan ere, ez da ohikoa ibili ahalaz bat handitu edo txikitu egiten den pertsona bat ezagutzea. Vilagrand bezala, Marino ere komikotasunaz baliatu zen bere ikuskizuna janzteko, ikuslearen konplizitatea lortuz.

Bai, kartak oinarri hartuta egindako magiak ere izan zuen tokia Magia Galan, eta horretarako Andaluziako beste mago bat igo zen agertokira: hamahiru urte besterik ez dituen Pablo Canovas. Karten manipulazioa, kartak agertarazi eta desagertaraztea, lekuz aldatzea zein eraldatzea du espezialitatea, eta argi: duen adinarekin Elgetan egin zituenak eginda, etorkizun oparoa du aurretik.

Frantziatik etorri zen hurrengo erakustaldia, Bertox magoarena. Kasu honetan, uztaiak izan ziren protagonistak: ugaritu eta gutxitu egiten ziren uztaiak, airean esekita zeudela ziruditenak. Itxura baten truko erraza, baina uste baino zailtasun gehiago dituena.

Frantziako bigarren mago batek hartu zion erreleboa Bertoxi: Jordan Gomezek. Musika gai nagusi izan zuen ikuskizun dinamikoa eskaini zuen, eta akaso gaueko makalena bera izan arren, ezin egin zuenari meriturik kendu.

Mago hitza entzutean, dotore jantzitako gizonaren irudia etorriko zaio askori burura, laguntzaile pinpirina alboan duela. Eta horren adibiderik ere izan zen Elgetan: Daniel Ka eta bere laguntzaile Lucia. Erakustaldi klasikoa egin zuen: laguntzailea kaxan sartu, desgertarazi eta berriz ere agertarazi; kutxa baten giltzapetu eta batek daki nola ihes egin... Bere ikuskizunarekin amaitu zen Magia Gala, baina ezin ahaztu gala aurkeztu zuen Woody Aragon magoa. Bere lana ez zen magoei txanda ematera mugatu: batetik bestera truko ugari egin zituen, ikusleekin jolastuz eta algara bat baino gehiago eraginez.

Ekainean, gehiago

Aurreko edizioetan baino ikusle gutxiago egon dela esan arren, aurtengoaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. Magiarekin lotuta, besterik egongo da gainera aurten Elgetan: Juan Tamarizek ekainaren 6 eta 7an eskainiko duen ikuskizuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak