Apurka apurka Herri Eskolako neska-mutikoak hasita daude eskolako ortua prestatzen. Oinetako egokiak eraman dituzte eskolara asteon, eta taldeka antolatuta hasita daude frontoi zaharraren parean dagoen lur eremua egokitzen. Ez dute lan makala, izan ere landaketak egin aurretik ondo prestatu behar dute ortuko lurra.
Gune horretan egin berriak diren lanen ondorioz harri eta obra-hondakin asko dago lurrarekin nahastuta. Horiek guztiak bereizi behar dituzte lehenengo eta behin.
Aurrerantzean, beraz, frontoi zaharraren parean kokatuko da eskolako ortua, eta bertan hainbat landaketa egiteko asmoa dute eskolako arduradunek. Udalak ere onartuta dauka negutegi bat erosteko aurrekontua, eta asmoa da eremu horretan ipintzea.
Eskola kontseilua deituta dago martitzenerako, hilak 8. Irakasleen, gurasoen eta udalaren ordezkariak elkartuko dira 18:15tik aurrera eta besteak beste ortua, hondakinen kudeaketa eta bi urteko gelaren egokitzapen lanak izango dituzte hizpide.
Kultura Astea
Hurrengo astea, bestalde, berezia izango da eskolan Kultura Astea egingo baitute Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan.
Esamesen, txisteen eta atsotitzen zirkuituak egingo dituzte besteak beste, eta Lehen Hezkuntzako ikasleek Pako Aristiren bisita izango dute eguenean, hilak 8. Idazle ezaguna 6-12 urte bitarteko umeekin elkartuko da 15:15etik 16:00etara.