Atzo, eguaztena, aurkeztu zuten Elgetan Herritarrekin martxan kanpainaren baitan autobus zerbitzu publikoa hobetzeko Foru Aldundiak gertatu duen aurreproiektua. Bergaratik lotura hobeak aurreikusten dira, baina Elgetan gaur egun ematen den zerbitzua bere horretan gelditzen da. Aldundiak ez du Elgetan egindako parte hartze prozesuan egindako ekarpenik aintzat hartu. Itziar Eizagirrek eta Patxi Larrañagak egin zuten aurkezpena, eta esan zuten arrazoia dela Elgetako garraio zerbitzuan egin berriak direla hainbat hobekuntzak.
Eskaerak
Oxel Erostarbe alkatea kritiko agertu zen aurreproiektuarekin: "Eskualdean sortuko den garraio zerbitzu orokorretik kanpo gelditu da Elgetan, beste behin", esan zuen.
Herritarrek ere egin zituzten zenbait eskaera: eskaripeko zerbitzua eskatzeko epea zabaltzeko, eta zerbitzu gehiago jartzeko. Esaterako, goiz erdian bai Eibarrera bai Bergarara, eta iluntzeetan zerbitzua zabaltzeko goizegi amaitzen delako.