Apirilaren 2a Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna da, eta apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna. Data esanguratsuak dira urtero Udal Liburutegian, baina aurten egitarau bereziki aberatsa gertatu dute adin guztietako herritarrendako.
Apirilaren 4rako, barikua, ipuinen ordu berezia iragarri dute. 3 eta 8 urte arteko neska-mutikoendako izango da, liburutegian, 17:20tik 18:15era. Boluntarioekin egindako lehen ipuin saio sortaren azkena izango da, eta aurrekoak baino luzeagoa.
Helduendako ere egongo da ipuin kontalari saioa apirilean. Amaia Arriaran bergararra gonbidatu dute apirilaren 11rako liburutegira, eta saioa egingo du, 22:00etan hasita, 14 urtetik gorakoendako.
Itzal-txotxongilo tailerra
Eñaut Gorbearen eskutik, berriz, itzal-txotxongilo tailerra antolatu dute apirilaren 15erako, martitzena. 4-11 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendua, arratsaldez egingo da, eta gehienez 24 laguneko taldeak onartuko dituzte. Talde bakarra edo bi sortzearen arabera finkatuko da ordutegi zehatza. Izen-ematea zabalik dago liburutegian apirilaren 8ra arte.
Aurten ere plazara aterako ditu liburuak udal liburuzainak; apirilaren 16an izango da.