Basaurik Azkunaren beraren eta alkate moduan eginiko lanaren balorazioa egin du: "Kanpotik begiratuta Iñaki Azkunaren balorazio ona egiten dut. Bilbo mapan kokatu duela iruditzen zait, eta esparru ugaritan ezagutu dute. Gauzarik gehienetan konprometituta egon da Bilboko herriarekin".
Hiri "kosmopolita"
Bestetik, Elgetako alkate ohiak Bilbori eginiko ekarpen handienak ere zeintzuk diren gaineratu du: "Garbi daukat egin duen ekarpenik handiena azken urteetan Bilboren transformazio handia bultzatzea izan dela. Urte luzetan Bilbo ilun eta tristea ezagutu genuen, eta guztiz aldatuta dago. Baina ez soilik hirigintzari dagokionez, nik esango nuke hiri kosmopolita ere bilakatu duela, oso toki irekia delako".
Estilo "pertsonala"
Azkunaren alkate-estiloari dagokionez, "oso pertsonala" izan dela dio Basaurik: "Bere estiloak asko markatu du alkate bezala, eta horrek egin du ezagun Bilbo mundu mailan".
Arlo konkretuetan enfrentamenduak izan dituela ere ekarri du gogora. "Arlo konkretuetan izan da, baina orokorrean elkarrizketarako irekia egon dela iruditzen zait".
Alkate 'beteranoak'
Azkunak 15 urte egin ditu alkatetzan eta Basaurik 32 urte egin zituen Elgetako alkate moduan. Horrenbeste irauteko formulagatik galdetuta, honakoa dio Basaurik: "Azkunak azken legealdian gehiengoa izan du, eta horrek erakusten du herriko jendearen maitasuna. Denbora luzez irauteko formula zehatzik ez dago, baina bi gauza zehaztuko nituzke: agintari batek pentsatzen duena esan behar du beti, ez du ezer ezkutatu behar. Eta ez dela bi modutan jokatu behar, beti jokatu behar da berdin batzuekin edo besteekin".