Egun osoko egitaraua, Intxortako borrokaldiak gogora ekartzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko mar. 19a, 11:57
Apirilaren 27an izango da. 120 parte-hartzaile aurreikusten dituzte, eta 20 boluntario eskatzen dituzte kopuru horretara iristeko. Goizean egin dute aurkezpena.

Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Elgetako Udalak xehetasun berriak eman dituzte asteon apirilaren 27rako, domeka, Intxortako Atearen aurrean antolatu duten duten errekreazioaren inguruan.

1937ko borrokaldiak jazotako zelaia erabilgarri izango dute aurten, eta boluntario gehiagorekin egingo dute ikuskizuna. "Beste 20 lagun beharko genituzke 120ra iristeko. Boluntarioek udaletxean edo danonartian@elgeta.net helbidean eman dezakete izena martxoaren 31a baino lehen", esan du Oxel Erostarbe alkateak. "Elgetarrei eta inguruko herrietako biztanleei dei egin gura diegu parte hartzera animatzeko".

Berrikuntzak

Egun osoko egitaraua proposatzen dute, aurten, Elgetatik. Errekreazioa 11:30ean hasiko da, eta iaz moduan justizia aldarrikatzeko martxa egingo dute Elgetara. Beherunzkoan, lore eskaintza egingo dute Salbador ermitan.

Aurretik, ordea, eta aurtengo nobedade moduan gudari eta milizianoek hamarretakoa egingo dute herrian, eta 11:00etako kanpai hotsekin batera igoera egingo dute lubakietara. Arma, piroteknia eta soinu efektu gehiago egongo da aurten errekreazioan. Besteak beste, 75 milimetroko Krupp modeloko kanoi baten erreprodukzioa. Jantzi gehiago ere egin dituzte aurten; guztira 30 uniforme berri.

Egunean zehar, bestetik, memoria historikoko taldeen material salmenta, trikitilariak, txistulariak, umeentzako gunea… egongo dira Elgetan. Intxortako Irrintzia izeneko lau orriko argitalpen berezia ere kaleratuko dute.

Bazkaria Bolatoki tabernan egingo dute aurten ere, eta txartelak dagoeneko salgai daude 12 eurotan.

Finantzazioa

Ekitaldiak 14.600 euroko aurrekontua du. Elgetako Udalak 4.000 euroko ekarpena egingo du, eta Aldundiaren eta Jaurlaritzaren aldetik 6.000 euroko ekarpena aurreikusten dute antolatzaileek. Gainerako gastuei aurre egiteko errifak atera dituzte —salgai euro baten—. Intxortako Irrintzia ere euro baten ipiniko dute salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak