Udaberriari ongi etorria emateko bost bat orduko txango erraza Goizueta aldean

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko mar. 12a, 13:02

Ibilbidean ikusteko aukera egongo den aztarnetako bat.
Mairu-baratze edo cromlech mordoa ikusteko aukera emango du ibilbideak.

"Garbitoki ondotik aterako gara eta laster hasiko gara maldan gora, gogor samar hasieran, baina, behin Añonera helduta aldapa handirik gabe jarraituko dugu bidea Errekalekuraino. Lepo horretan, mairu-baratze edo cromlech mordo bat ikusteko aukera izango dugu, eta Donostialdea ere ageriko zaigu. Arriurdin gertu dugu, aldapa txiki bat besterik ez, Donostia gero eta bistarago, eta Arano ere gure aurrean, mendi hegalean zintzilik. Arriurdinetik ikuspegi ederra dago ipar eta ekialdera: Adarra, Donostialdea, Jaizkibel, Aiako Harriak...

Behin tontorrean indarberritu ondoren, behera egingo dugu mairu-baratze gehiagoren artetik Urumea ondoraino iritsi arte, eta hortik aurrera, errekan gora, korronteari kontra eginez, lau-lau, Goizuetara. Guztira lau ordu pasatxo izango dira. Ez du inongo zailtasunik, hasierako aldapa bakarrik, baina, beti ere bide onetik". 

Horrela aurkezten dute Kantsatzeke elkartetik martxoaren 23rako, domeka, antolatu duten mendi irteera. 08:00etan abiatuko dira herriko plazatik eta kalkulatzen dute 17:00ak aldera itzuliko direla Elgetara. Interesatuek udaletxean, Facebook orrialdean edo kantsatzeke@gmail.com helbide elektronikoan eman behar dute izena hilaren 20a baino lehen. Prezioa 10 euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak