Euskal Mendizale Federazioak Elgetan egingo du, aurten ere, Ibiltarien jaia. Hala, beste behin, Euskal Herriko hainbat txokotik etorritako mendizaleak elkartuko dira gurean.
Festa giroan emango diote amaiera Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien 12. zirkuituari, eta diploma banaketa eta bazkaria ere egingo dituzte.
Aurretik mendi irteera ere antolatu dute, eta azpimarratu dute ekintza irekia dela; interesa duten guztiek har dezakete parte mendi irteera horretan.
25 kilometroko irteera
Mendizaleek 08:00etarako egin dute hitzordua Elgetako kiroldegian, eta 25 kilometroko ibilbidea proposatzen dute. Intxorta, Erdella, Egoarbitza eta Azkonabitza igoko dituzte, hurrenez hurren. Parte hartzea doakoa da, baina izena eman behar da www.zirkuitua.com helbide elektronikoan —martxoaren 14ra arte— edo egunean bertan kiroldegian. Elgetako Kantsatzeke mendi taldeko kideek markatuko dute ibilbidea aurreko egunetan, eta amaieran parte-hartzaileen artean salda banatzeko ardura hartu dute.
Mendizaleek Bolatokian egingo dute, aurten, bazkaria. Prezioa 25 euro da, eta udaletxean eman behar da izena martxoaren 14a baino lehen. Udalak mendi tresnak banatuko ditu bazkaltzera gelditzen direnen artean.