Atzo, barikua, ospatu zuten Aratustea Elgetan. Eguraldi iragarpenak bete-betean jo zuen eta aterpean egin zuten festa elgetarrek. Egun argiz askotariko mozorroak ikusi ziren herrian; printzesak, zaldunak, heroiak, Pig familia, pottoki taldea... eskolako irakasleak ere mozorrotu ziren: neskame talde ederra osatu zuten.
Eskolakoek frontoian egin zuten Aratusteetako ekitalditxoa. Mozorro kalejira eta dantzak eskaini zituzten guraso eta senitartekoendako. Jarraian, guraso elkartearen eskutik txokolate-jana egon zen eta ludotekako hezitzaile Mireia Andreuk haurrendako jolasak gidatu zituen 17:30ak arte.
DJ festa Espaloian
Aterpetik aterpera egin zuten elgetarrek ordu horretan. Espaloia kafe antzokian umeendako DJ festa egin zuen Amaia Txintxurretak eta 20:00ak bitartean dantzan aritu ziren adin guztietako neska-mutikoak. Poliki-poliki eta iluntzearekin batera bestelako mozorro festa osatzen joan zen herriko tabernetan. Mozorrotutako koadrila bat baino gehiago joan zen Aratuste festara animatzen eta argazki politak utzi zizkiguten.
Patxi taberna zabalik
Taberna zuloan egoteko giroa zen atzokoa, eta taberna berria ere inauguratu zuten elgetarrek. Zabalik da, atzera ere, Salbador kaleko Patxi taberna. Mozorrotuta egin zieten lehenengo harrera bezeroei.
Afaria gaztetxean
Gauak luze jo zuen eta afaria ere egin zuten gaztetxean. Abilezia jokoak ere ez ziren falta izan.