Etapa berri baten atarian da Maria Angeles Elkoro elgetarra. 37 urte egin ditu udal idazkari lanpostuan eta gutxi izango dira nor bere herriko idazkari lanpostuan hainbeste urte eman dituztenak. Atzo egin zuen udalbatzak otsaileko osoko bilkura, eta pleno berezia izan zen Elkororendako; azkena, hain zuzen ere.
Urteotan Elgetari emandakoa eskertu zion Oxel Erostarbe alkateak denen izenean, "lana aurrera ateratzeko orduz kanpo ere egindakoengatik", esan zuen. Elkorok ere hitza hartu zuen pleno amaieran. Gogoan izan zuen 1977ko urtarrila, laguntzaile moduan udaletxean sartu zenean. "Azken urteotan aldaketa handiak eman dira administrazioan: erakunde berriak sortu dira, teknologia berrietan eguneratu beharra izan dugu... Eskerrak eman nahi ditut jasotako laguntzagatik eta nirekin izandako pazientziagatik. Elgetarra izateak indarra eman dit, eta hemen izango naiz aurrerantzean ere", esan zuen. Idazkari berria izendatu bitartean Juan Ramon Irazabalek hartuko ditu idazkari eta kontu-hartzaile ardurak.
Azken erabakiak
Alkatearen erabakien artean nabarmentzen dira eskolako frontoian saskibaloi saskiak ipintzeko 152 + BEZ gastua onartzea, gerra zibileko ibilbidean bisitak egiteko lan poltsa zabaltzea edo ekainaren 28an eta 29an aire konprimituzko karabinen tiro txapelketa antolatzeko Elcoro Decoletaje enpresari baimena ematea.