Uztailaren 3tik 6ra bitartean izango dira 2014ko Ferixa Nagusiko jaiak. Umeek iazko Herri Egunean egindako euskal dantzen emanaldiak harrera ona izan zuen, eta aurten ere jarraipena izango du. Hala, euskal dantzen ikastaroan izena emateko epea zabaldu du Udalak. Interesatuek liburutegian edo udaletxean eman behar dute izena hilaren 28a baino lehen. Prezioa 12 euro da.
Hasiera, martxoaren 19an
Irati Kortabitarte eta Xabat Leanizbarrutia arduratuko dira, aurten ere, dantza ikastaroaz. Martxoaren 19tik ekainaren 18ra bitartean —eguaztenetan, 18:15ean— izango da ikastaroa. "Taldeak, printzipioz, iaz moduan adinka egitea aurreikusten dugu", adierazi du Kortabitartek. "Hala ere, izena ematen duen ume kopuruaren arabera izango da hori". Bi talde egiten badira, bigarrenaren ordutegia 19:00etatik 20:00etara izango da.
Dantza errepertorioaren inguruan galdetuta, Kortabitartek esan du dantza berriren bat edo beste lantzea dela asmoa, baina baita iaz ikasitako dantzak errepasatzea ere.
Herri Eguna, aurten, uztailaren 5ean izango da. Egun horretan egingo lukete dantza emanaldia herriko neska-mutikoek.
Herritarren proposamenak
Oraindik dihardute Jaien batzordean Ferixa Nagusiko egitaraua lantzen. Batzordea irekia dela ekarri dute gogora, baita herritarren proposamenak eskertuko lituzketela ere. Egin ekarpenak udaletxean bertan edo danonartian@elgeta.net helbide elektronikoan.