Azkenaldian animazio ekintza ugari ari dira bultzatzen Elgetako liburutegitik. Animazio ekintzen horien artean martxan da Ipuinen ordua. Barikuan egin zuten aurreneko saioa eta bi boluntarioren eskutik umeendako 30 minutuko ipuin kontalari saioa egin zuten. Hamabostean behin errepikatuko dute ekimena.
Barikuko saioan 2-8 urte bitarteko 26 haur elkartu ziren liburutegian Eneida Elorriagak eta liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak kontatutako ipuinak entzutera. Saio atsegina izan zela adierazi dute liburutegitik: "Kontalariak gustura aritu ziren, eta haurren balorazioa positiboa izan zen beste ipuin bat eskatzeaz gain, hurrengo saioa noiz izango den galdetu baitzuten". Apirilera bitartean beste lau saio iragarri dituzte: otsailaren 21ean, martxoaren 7an, martxoaren 21ean eta apirilaren 4an, 17:20etik 18:00ak bitartean liburutegian.