Bi urte luzatu diote hitzarmena kioskoko Juliani

Larraitz Zeberio 2014ko urt. 29a, 17:14

Julian Markiegi San Roke kaleko kioskoan.
Urtarrileko osoko bilkura egin zuen atzo udalbatzak; bi lankidetza hitzarmen sinatzea, eta bi mozio ere onartu zituzten.

Julian Markiegiri beste bi urtez luzatu dio Udalak kioskoko hitzarmena. Udalbatzak atzo onartutako alkate erabakien artean aurkitzen zen erabakia. 

Aner Fernandezen zerbitzu okupazionalari buruzko hitzarmena ere luzatu egingo du Udalak. Azaroan bi urte egin ditu Fernandezek bere zereginetan, eta hitzarmena beste urtebetez luzatzea onartu berri du udalbatzak. 

Lankidetza hitzarmenak 

Udalbatzak, bestalde, aho batez onartu zuen Bidegirekin lankidetza hitzarmena sinatzea. Hala, Bidegik Elgetako erroldako datuak hilero kontsultatzeko aukera izango du. Neurriak zerikusia du AP-1 eta AP-8 autobideetako Gipuzkoako bide zatian gipuzkoar erabiltzaileei aplikatzen zaizkien deskontuekin. Errolda datu eguneratuak izango ditu Bidegik deskontuen kalkuluak burutzeko. 

Udalak, bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Abokatuen Elkargoarekin duen hitzarmenari atxiki zaio. Hala, herrian desjabetze prozesurik emango balitz kaltetuek laguntza juridiko integralaren zerbitzuaz baliatzeko aukera izango lukete.

Bi mozio aho batez

EH Bilduk aurkeztutako bi mozioak ere aho batez onartu zituen atzo udalbatzak. Lehenengo mozioak Alderdi Popularrak berriki ateratako lege-aurreproiektuaren aurka egiten du "emakumeen eskubideak urratzen dituelako". Hala, beste gauza batzuen artean, udalbatzak haurdunaldiaren borondatezko eteteak osasun sistema publikoaren baitan egitearen aldeko hautua berresten du.

Bigarren mozioak hilaren 7ko atxiloketekin du zerikusia. Udalak eskatzen du, besteak beste, euskal herritar guztien eskubideen errespetua, eta prozedura horren gaineko ebazpen judiziala berehala ematea.

Finalista eguna eta gerra errekreazioa

Udalak, bestetik, data ipini die bi hitzorduri. Finalista eguna, aurten, martxoaren 2an izango da. Iaz lehenengo aldiz egindako gerra errekreazioa, berriz, apirilaren 27rako finkatu dute. Elgetako Udala eta Intxorta 1937 kultur elkartea hasita daude antolakuntza lanetan: aktore boluntarioak lortu, egitaraua borobildu, materiala berrikusi...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak