'Euskal altxorren barrena' ikus-entzunezkoa aurkeztu zuen atzo Arkaitz Astiazaranek Elgetan

Larraitz Zeberio 2014ko urt. 23a, 12:51
Arkaitz Astiazaran lasturtarra, atzo, Espaloian.
Atzo, hogei bat lagun elkartu ziren Elgetako kafe antzokian Astiazaranen esperientziari buruz gehiago jakitera.

Udaberrian ia 5.000 kilometroko ibilaldia egin zuen bizikleta gainean Euskal Herrian zehar, eta emaitza Euskal altxorretan barrena izeneko ikus-entzunezkoa du.

Lasturtarra pozik dago jasotzen ari den erantzunarekin. Egindakoa ez da marka makala, bidea ez da beti larrosa kolorekoa izan, baina orain informazio piloa du interesa dutenen artean banatzeko. "Errazena izan zen ibilbidea erabaki eta paperarean gainean jasotzea. Gero, bizikleta gainean agertu ziren zailtasunak. Lehenengo nekea, eta gero finantzazio iturri falta. Baina aurrera egin nuen burugogor, eta bigarren zatian oso gustura ibili nintzen", esan zuen atzo Elgetan.

Eibarren hasi zuen bere abentura lasturtarrak eta Debagoienekoak izan zen bizikletarekin zapaldu zituen lehenengo errepideak, eta bere abenturako lehenengo kilometroak. "Eibarretik Elgetara etorri nintzen, beraz hanketan ondo markatutako igoera izan zen hura. Debagoienean gustuko toki asko ikusi nituen; sorpresa polita izan zen Aretxabaletako Gellao auzoa".

Euskal Herriko toki berezi asko ezagutu ditu Astiazaranek bere ibilbidean, eta dio oso urrutira joan barik guk ere ikus ditzakegun altxor ugari dagoela han eta hemen. Harrituta dago konturatu baita asko eta asko apenas ezagutzen ditugula, batez ere Araban eta Nafarroan.

Jaso duen informazio guztiarekin bloga sortu du lasturtarrak. Bertan aurkituko dituzue argazkiak, txangoak egiteko hainbat proposamen eta baita Astiazaranen aurkezpenen inguruko nondik norakoak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak