Que no nos frungan la fiesta izeneko saioan, Guapok jorratutako gaiak askotarikoak izan ziren. Emanaldian zehar jarraitu beharreko arauekin hasi zen eta 15 minututan umore klabean zer egin eta zer ez esan zien ikus-entzuleei. Besteak beste, argazki zein bideorik ez ateratzeko eskatu zien; eta hala ere, ez zuen lortu guztiek arauak jarraitzea. Norbait harrapatuz gero, aretoko argiak piztu eta pertsona hori bere umorearen jomuga bilakatzen zuen, beti ere broma giroan, "rollo" onean.
Zineari buruz ere egin zuen berba, telebistako programak izan zituen hizpide, eta baita iragarkiek bizitako bilakaera ere. Eta teknologia berriei ere tartea eskaini zien komikoak. Besteak beste, bikoteak telefonoa kuxkuxetzea guardia zibilaren kontrolaz alderatu zuen. "Zergatik nago urduri, dena behar bezala badaukat?". Ikusle batek baino gehiagok identifikatuta ikusi zuten euren burua...
David Guapok publikoarekin hartu-emana bilatzen du. Norbait bere tokitik altxatuz gero argiak pizteko eskatu eta txistea egiten du, situazioa sortuz. Adibidea ipintzearren, lehenengo ilaran eserita zegoen neska bati esker jakin genuen zergatik emakumeek joan beharko luketen binaka kumunera... Erantzuna jakin gura duenak, Guapori galde diezaiola!
Amaiera musikala
Amaiera musikala izan zuen II. Monologo Mostrako lehenengo gonbidatuaren saioak. Gitarra eskuetan, euskarazko abestiaz ere ausartu zen bakarlaria: "reggaeton-noak". Saioaren amaieran aitortu zion Goienari esaldi pare bat falta zaizkiola euskara menperatzen duela esateko. "Entzun bikain egiten dut, ulertu ez arren. Eta erakutsi dugu hizkuntza oso sexia dela".
Azken abestia Pedro Gimenez artista ezagunarekin batera interpretatu zuen. Gimenezek 2014ko Munduko Artista Ezezagunik Ezagunena saria jaso duela adierazi zuen. Hala, biek "Abesti asmatua" sortu zuten, publikoak esandako hitzekin inprobisatutako kantua.
Barre algara eta txalo zaparrada artean amaitu zuen emanaldia David Guapok. Hori bai, saioan atera ezin izan ziren argazkien txanda izan zen ostean, eta gura zuten guztiek aukera izan zuten monologistaz egoteko.
Gaur ere saioa
Atzo bi emanaldi eskain zituen bakarlari kataluniarrak eta gaur, domeka, hirugarren batekin gozatzeko aukera egongo da, 19:30ean hasita.
Hilaren 25ean eta 26an Luis Piedrahitaren txanda izango da, eta otsailaren 1ean eta 2an, ostera, Txabi Franquesak eta El Monaguillok bisitatuko dute Elgeta.