Espaloia kafe antzokiaren hamargarren urteurrena ospatuko dute Elgetan

Larraitz Zeberio 2014ko urt. 16a, 13:25

Goibeko euskara elkarteko bazkideen batzarra, atzo, Espaloian.
Ekainean amaitzen da Elgetako Udalak Goibeko euskara elkarteari egindako esleipena, eta lantaldeak erretiratu egingo dela eman zien jakitera atzo bazkideei.

Ekainean beteko dira hamar urte lehiaketa publiko bitartez Goibeko euskara elkarteari Espaloia kafe antzokia kudeatzeko esleipena egokitu zitzaionetik. Bazkideek batzarra egin zuten atzo, eta hamar urteotan kafe antzokiaren kudeaketan jardun duen lantaldeak jakinarazi zuen egindako ibilbidea ospatzeko ekitaldi bereziak antolatuko dituztela. Horrekin batera erretiratzeko hartu duten erabakiaren berri ere eman zuten. "Ohiko programazioarekin jarraituko dugu ekainera arte, eta urteurren jaia ere egin gura dugu uste dugulako merezi duela hamar urteko ibilbidea ospatzeak. Baina ekainean gure lantaldea erretiratu egingo da", esan zuen Goibeko euskara elkarteko presidente Iban Arantzabalek. Arrazoia nekea dela esan zuen.

Balorazio oso positiboa

Goibeko euskara elkarteko lantaldeak balorazio oso positiboa egiten du hamar urteko ibilbideak emandakoarekin. "Demostratu da gure moduko herri baten funtzionatu duela eskualde proiektu batek. Hamar urterako konpromisoa hartu genuen, eta gure hitza bete dugu. Kulturalki jantzi gara eta lantaldeak balorazio oso positiboa egiten du: kulturan irabazi duguna dago gugan", adierazi zuen Arantzabalek.

Espaloiak sortutako erakarpena ere hizpide izan zuen Goibeko euskara elkarteko presidenteak: "Espaloiak jendea ekarri du Elgetara, bestela etorriko ez zen jendea, eta etorri ahalko ez ziren artistak izan ditugu hemen. Kalkulatzen dugu, bestetik, herritarren parte hartzea %15-20koa izan dela".

Autogestioari buruz ere hitz egin zuen Arantzabalek. "Autogestioa zen helburuetako bat, eta lortu dugula uste dugu. Duela hamar urte zorpetu egin ginen proiektu hau abiarazteko. Hamar urteotan bueltan eman diogu zor horri. Gaur egun Goibeko euskara elkarteak ez du zorrik inorekin, eta bere garaian egindako inbertsio publikoari eta Goibekoren inbertsioari esker jantzitako antzoki bat geratuko da herriarendako".

Bertaratutako bazkideek ere izan zuten ekarpenak egiteko aukera. Borobilean eserita nork bere gogoeta bota zuen. Parte hartze polita eman zen, eta hamar urteotako balorazio positiboa egin zuten batzarrean izan ziren bazkideek ere.

Etorkizuna

Elgetako Udalak lehiaketa publikoa deituko du Espaloia kafe antzokiaren kudeaketarako esleipen berria egiteko.

Arantzabalek argi utzi zuen Goibeko euskara elkartea ez dela desagertzen. "250 bazkide inguru dituen elkartea daukagu, herritarren %20 gutxi gorabehera. Elkartearen ardatzak, aurrerantzean, beste batzuk izango dira: hala nola euskara, herria, komunitate lanketa...".

Ekainera bitarteko ostalaritza zerbitzuari dagokionean esan zuen Berrizko lagunak urtarril amaieran badoazela. "Goibeko elkarteko lau bazkide prest daude ekainera bitarteko sei hilabeteotan ostalaritza zerbitzuari eusteko", esan zuen Arantzabalek. Zerbitzu hori aste bukaeratan —barikua, zapatua, domeka— emango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak