Umorea izango da nagusi hiruhileko honetan Espaloiaren programazioan

Larraitz Zeberio 2014ko urt. 13a, 11:30

Elgetako II. Monologo Mostran izango diren artistak.
Monologo Mostrarekin, Pagadi eta konpainiaren azken ikuskizunarekin eta Yllana taldearen '¡Muu!2' antzezlanarekin, izango da barre egiteko aukerarik.

AM Big Band eta atzo, domeka, egindako Herrixa dantzan ekimenarekin eman diote hasiera urte berriari Espaloian. Urte berezia izango da Espaloian; izan ere, ekainean hamar urte beteko ditu Goibeko euskara elkartearen erronka potolo izan den kultura ekimenak. Horrekin lotuta, 10. urteurrena gogora ekartzen duen logo bereziarekin aurkeztuko dira hilabeteotako ekimenak, eta orain arte egindako ibilbidearen laburpena egiten duen irudi erraldoia ipini dute antzokiko agertokian. Irudi horretan, hamar urteotan Elgetako antzokitik igaro diren artisten eta ekimenen argazkiak daude.

Testuinguru horretan, hiru hilabeteko programazio berria aurkeztu dute Elgetako kafe antzokitik. Urtarrilean David Guapo eta Luis Piedrahita izango dira Elgetako II. Monologo Mostraren barruan eta otsailean, Txabi Franquesa eta Sergio Fernandez El Monaguillo.

Umoreak protagonismo berezia izango du urteko lehen hiruhileko honetan, eta otsailaren 21ean Egoitz Lasak, Mikel Pagadizabalek eta Nagore Aranburuk Potologoak izeneko lana ekarriko dute Espaloira. Bodologoak ikuskizunarekin barre egin zuten Elgetan orain bi urte, eta Potologoak izango dituzte orain. Yllana konpainiaren ¡Muuu!2 ikuskizunak ere emango du zeresana. Martxoaren 28an izango da ikusgai, Espaloian, eta bere jarraitzaileak ditu konpainia horrek gurean.

Musika eta ikus-entzunezkoa

Martxora bitartean bi musika emanaldi iragarri dituzte Espaloia kafe antzokitik. Otsailaren 7an  Bide Ertzean eta Balerdi-Balerdi taldeak izango dira Elgetan. Bide Ertzean taldeak 77 diskoa aurkeztuko du. Martxoaren 2an, berriz, Mursego eta Napoka Iria izango dira taula gainean.  
Urtarrilean, hilaren 22an, ikus-entzunezkoa ere eskainiko du Arkaitz Astiazaran lasturtarrak. Udaberrian 4.400 kilometro egin zituen bizikleta gainean Euskal Herrian zehar, eta abentura horren berri emango du.

Zerbitzu aldaketa

Urte berriarekin batera ordutegi aldaketa izan da antzokiko ostalaritza zerbitzuan. Aurrerantzean, eguenetik domekara bitartean egongo da antzokia zabalik. Eguenetan eta barikuetan 18:00etatik aurrera eta zapatuetan eta domeketan 11:00etatik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak