Urtezahar egunean, 11:00etan eman zitzaion hasiera 40 urtetik beherakoen txapelketako finalari. Aurrez aurre bi bikote: Odei Zenitagoia-Antoni Elortza eta Ibon Untzetabarrenetxea-Mikel Beretxinaga. 22-12 emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka eta Zenitagoiak eta Elortzak jantzi zuten txapela.
Bigarren finala, 40 urtetik gorakoena, borrokatuagoa izan zen, baita luzeagoa ere. Telleriak eta Ibarluzeak jantzi zuten azkenean txapela, baina atzetik ibili ziren norgehiagokaren lehenengo zatian. Hasierako tantoetan Iñaki Ugarteburu eta Jose Mari Zubiaurre izan ziren nagusi. Urdinek, ordez, atzetik aurrera egin eta berdintzea lortu zuten. Azken tantoetan akats nabarmenak egin zituzten gorriek. Azken emaitza: 22-19.
Sari banaketa
Sari politak jaso dituzte aurten pilotariek, tartean otarre ederrak eta txapelak, noski. Urtero moduan txapeldunordeek zein txapeldunek jaso zituzten sariak, baina aurten baita antolatzaile lanetan diharduten bi lagunek ere. Herri mailako pilota txapelketak hamar urte bete ditu aurten eta Elgetako Udalak keinu berezia izan zuen Fernando Zenitagoia eta Jesus Belamendiarendako. Txapela bana jaso zuten publikoaren txaloekin batera.