Herri Eskolan egun berezia izan da gaurkoa, izan ere, Gabonetako oporrak hartu haurretik Olentzeroren bisita izan dute Elgetako neska-mutikoek. Asteotan prestaketetan murgilduta ibili dira, eta azkenean hemen dira Gabonak.
Opor egunotan izango dute zer egina: eskulan tailerrak, jostailu truke azoka, txokolate-jana, Olentzeroren etorrera, pilota txapelketa, antzerkia, Gabonetako haur parkea...
Jostailu truke azoka
Iaz egin zen, estreinakoz, jostailu truke azoka, eta indartu guran eskolaren bitartez ere batu dira aurten jostailuak. Domekan egingo da azoka, eta txartela duten guztiek jostailu berria lortzeko aukera izango dute. Herriko plazan egingo da azoka hori eguerditik aurrera.
Bisita Mizpirualdera
Bergarako Mizpirualde egoitzan bizi diren elgetarrek ere asteon jasoko dituzte Gabonetako lehen opariak. Udalak eta Xalbadorpe erretiratuen elkarteak antolatuta San Tomas jaia ospatuko dute bihar, zapatua, eta herritar talde baten bisita jasoko dute, 16:00etan. Nahi duen orok du bisita horretan parte hartzeko aukera.