'Abre los ojos' dantza ikuskizuna egingo dute Despertar los sentidos taldekoek zapatuan

Aitziber Aranburuzabala 2013ko abe. 19a, 09:43

Sarah Ramirezek sortutakoa da; down sindromea dutenen konpainia.

Hirugarrenez igoko da Espaloiko oholtzara zapatuan, 18:00etan, Bizkaiko Despertar Los Sentidos dantza konpainia. Down sindromea duten hamaika dantzarik flamenkoa eta dantza garaikidea uztartzen dituen Abre los ojos ikuskizuna ekarriko dute. Leihatilan eta espaloia.com atarian daude sarrerak, zortzi eurotan.  

Elgetakoa gustuko duten antzokia dela dio Sarah Ramirezek, konpainiako zuzendari eta koreografoak: "Sekulako babesa ematen digute; ikuskizun berri bat egin orduko, Josu de Vegak segituan deitzen digu hara joateko. Zoritxarrez, ez zaigu sarritan gertatzen, gogor borrokatu behar izaten dugu gure taldea gainontzeko dantza taldeak besteko seriotasunez har dezaten".

Flamenkoa dantza garaikideaz

Aurrez egindako bi ikuskizunak apurtu guran, flamenkoa dakarte oraingoan: "Egiten dugun lan bakoitzeko, pauso bat gehiago ematea eskatzen diet, badakit-eta eskatutako guztia emateko ahalmena dutela; bete-betean sinisten dut eurengan eta horrela egin dut konpainia sortzeko erabakia hartu nuenetik. Flamenkoa dantzatzeko proposatuta, besteak beste, zapata bereziekin dantzatzera bultzatu ditut, horrek dakarren zailtasunekin", azaldu du Ramirezek.

Baserri giroan kokatuta dago ordubeteko iraupena duen Abre los ojos lana, eta, dantzaren bitartez, askotariko sentimendu eta egoerak erakusten dituzte protagonistek: amodioa, desamodioa, desleialtasuna eta sentsualitatea, besteak beste.

Maila handiko artistak

Alberto Herreros, Saioa Larrea, Mikel Martija, Zaloa Unda, Ana Mota, Patricia Villar, Urtzi Urrutia, Jone Hernandez, Leire Zelaia, Ainara Rabanal eta Maribi Cordoba dira Elgetan dantzan ikusiko ditugun Despertar Los Sentidos taldeko artistak. Protagonista horiekin batera, aurrez aipatutako Jose Manuel Palacios flamenko-dantzariak ere egingo du dantzan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak