'Gabrielen lekua', Aresti eta haren lana batzen dituen ikuskizuna Elgetan

Imanol Beloki 2013ko abe. 12a, 12:33
Andoni Egaña, Rafa Rueda, Oier Guillan eta Alain Urrutia.
Andoni Egañak, Rafa Ruedak, Oier Guillanek eta Alain Urrutiak hartuko dute parte ikuskizunean.

Gabriel Aresti Kultur Elkarteak eta Zenbat Gara elkarteak bultzatuta, idazle eta poeta zen Gabriel Arestiren gaineko ikuskizuna egingo dute Elgetako Espaloia kafe antzokian barikuan, 22:30ean.

Bilbotarra bera eta haren lana eguneratzeko helburu izango du ikuskizunak. Belaunaldi batzuentzat bilbotarra gogora ekartzea izango da; beste batzuentzat, aldiz, deskubrimendua. Bada, ikuskizunak poesia, bertsoak, musika, irudia eta antzerkia batuko ditu agertokian. Arestiren oparotasunak, aktibismoak, eztabaidarako zuen joerak isla izango dute lan horretan eta hainbat kultura adierazpide elkartuko ditu oholtza gainean: bertsolaritza, musika, ikus­-entzunezkoak, deklamazioa…

Ardatz nagusiak

Aresti poliedrikoena azalduko dute obraren sortzaileek. Idazlearen haurtzaroa, euskara ikasteko erabakia hartu zuen unea, justizia sozialarekiko zuen kezka, obra literarioa, hainbat pertsonarekiko gutun-hizketa, euskara batuaren sorrera eta haren ideologia izango dira ardatz nagusi.

Bilboko Arriaga antzokian egin zen estreinaldiak izandako kritika arrakastatsuaren ondoren, gurera etorriko dira; Elgetako Espaloira, zehazki. Hainbat pertsona ezagun izango dira emanaldia egiten: Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreak; Rafa Rueda gitarra, mandolina, ukelele eta banjoarekin; Iban Urizar tronpeta eta kornetarekin; eta Naia Membrillera perkusioarekin. Haiez gain, Andoni Egaña bertsolaria, Oier Guillan deklamatzailea eta Alain Urrutia ikus­-entzunezkoen sortzailea ere bertan izango dira.

Sarrerak salgai

Sarrerak salgai daude dagoeneko Espaloian bertan. Kafe antzokira joanda edo erreserba eginda eros daitezke, 943 78 90 85 telefono zenbakira dei eginda. Sarreren prezioa 12 euro da eta bazkideendako, berriz, 8 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak