Saroa Bikandi: "Irakurzaletasuna plazeretik egin behar da, gurasoondako gustukoa izan behar du haur literaturak"

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko abe. 2a, 11:18

Bikandi ipuin kontalariak azaldu du haurrak berak aukeratu behar duela liburua, baina gurasoak ere egin behar duela bere aukeraketa nagusi moduan.

Ipuinak kontatzearen plazerari buruzko saioa eskaini zuen Saroa Bikandi ipuin kontalariak Elgetan. Gurasoei zuzendutako saioan, irakurzaletasuna bultzatu zuen bai haurrengan eta baita gurasoengan ere.

Kontatzen dituzte ipuinak gaur egungo gurasoek?
Bai, nahiko sentsibilizazio handia dago eta geroz eta jende gehiago interesatzen da ipuinengatik.

Zein mezu helarazi nahi diezu gurasoei zure saioen bitartez?
Oso garrantzitsua dela gurasoei gustatzea umeei kontatzen ari garena. Izan ere, kontatzen duzunean zuk gustuko duzun gauza bat umea ere segituan konturatzen da eta plazer hori errazago transmititu ahal da. Obligazio baten moduan erakusten badiegu, hori igarri egingo dute eta orduan oso gaitza da zaletasun hori garatzea. Irakurzaletasuna plazeretik egin behar da, gurasook ere lortu behar dugu haur literatura gustukoa izatea guretzako.

Garrantzitsua da ipuinak kontatzea? Zer jasotzen du haurrak esperientzia horretatik?
Adinaren arabera esperientziak desberdinak dira, baina guztiek jasotzen dutena da gurasoen hurbiltasuna. Txiki-txikiak direnean ipuinekin, ahots jolasekin edo errepikapenekin lengoaiaren deskubrimendua dago. Eta gero, ipuinak berak psikologikoki edo sinbologikoki egiten duen lana ere badago. Umearen garapenean ipuinek erakusten dute bizitza nolakoa den.

Ipuina aukeratzeko orduan zer aholkatzen duzu?
Lehenengo, desberdindu egin behar dugu zer den literatura eta zer diren liburu komertzialak. Garrantzitsuena da gustukoa izatea, sena jarraitzea eta pixka bat kritikoa izatea. Nire haurra liburutegira joatean nik ere egin behar dut nire aukeraketa haur literatura horretan. Umeak berak aukera dezala nahi duena, baina nik egin behar dut nire aukeraketa nagusi moduan haur literaturan, eta irizpide hori zaindu egin behar da. Umeak dauzkagunean guk nahi badugu irakurzaletasuna bultzatu, gurasook hasi behar dugu haur literatura irakurtzen.

Gurasoei zein aholku gehiago ematen diezu saioetan?
Irakurri egin behar dugula, baina ez bakarrik lotara joateko momentuan. Ahalegina egin behar dugu edozein unetan irakurtzeko eta ipuinak kontatzeko. Umeentzako bizitzako ikasgai bat da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak