35 emakumek eman dute izena zapatuan egingo den autodefentsa feministari buruzko tailerrerako

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko aza. 21a, 11:19

Alaitz Mañes dinamizatzaileak gidatuko du saioa; 20 emakumerekin egingo du tailerra.

Interes handia piztu du Elgetako emakumeen artean autodefentsa feministari buruzko tailerrak. Egiten den lehenengo aldia da eta 35 emakumek eman dute izena. Zoritxarrez, ez dago denendako tokia eta 15 emakume itxaron-zerrendan geratuko dira.

Bideberri Mankomunitateak antolatuta Emagin elkarteko dinamizatzaile Alaitz Mañesek gidatuko du. Lau orduko tailerra izango da —09:30etik 13:30era— eta, azkenean, kiroldegiko gimnasioan egingo dute. "Helburua izango da eraso sexistak identifikatzeko espazio segurua sortzea eta emozioez eta bizipenez lasai hitz egitea", aurreratu du Mañesek. "Autodefentsa feminista landuko dugu. Autodefentsa pertsonalak baino publizitate gutxiago du, zoritxarrez".

Mañesek azaldu du autoestimua landuko dutela, gehienbat: "Eraso sexistak identifikatzeko eta eraso horri erantzuteko eskubidea dugula argi ikusteko autoestimu ona izan behar dugu", dio. Mañesen helburu nagusia konfiantza giroa sortzea izango da parte-hartzaileek, saioan, bizi dituzten esperientziak, emozioak eta dituzten zalantzak eta beldurrak elkartrukatzeko. "Barrura begiratzeko eta biluzteko espazioa sortu behar dugu", esan du.

Gizonezkorik ez

Autodefentsa tailerra emakumezkoendako da. "Emakumezkoak lasaiago eta babestuago sentitzen dira gaiaren inguruko euren bizipen pertsonalak kontatzeko", azaldu du dinamizatzaileak. "Konfidentzialtasuna oso garrantzitsua da, eta ezinbestekoa deritzot soilik emakumeendako den espazio bat sortzea. Ez dugu horrelakoetarako denborarik eta espaziorik hartzen, eta beharrezkoa da".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak