Trainera berdeak Elgetan dituen jarraitzaileek zapaturako, hilak 23, prestatu dute urteroko ongietorria. Eguerdian iritsiko dira hondarribiarrak herrira eta Kontxako bandera ekarriko dutela agindu dute. Hala, hasteko eta behin, aurreskua prestatu diete Elgetan.
Udaletxean jarraituko du ospakizunak, izan ere, harrera egingo diete areto nagusian. Oroigarri bana jasoko dute, eta amaitutakoan elgetarrek arraunlariekin eta banderarekin nahi beste argazki ateratzeko aukera izango dute, herriko plazan. Festa kirol proba ezberdinekin jantziko dute ostean, besteak beste bolo tiraldiarekin.
Urtero moduan bazkaria egingo dute Intxorta elkartean, eta ondoren tradizio bihurtu den mus txapelketa jokatuko dute arraunlari eta jarraitzaileek.
Elgetako antolatzaileen esanetan 70 bat lagun elkartuko dira zapatuko ongietorrian.