Mugarik Gabeko Txuntxuneroak taldeak musika jarri dio domekari Elgetan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 17a, 23:05

Txistulariek herriko kale eta tabernak girotu dituzte eta, euren doinuekin, mokadu goxoenak aukeratu dituzte herritarrek; tabernariek jarri dituzte pintxoak.

Belarriak gozatuta izango dituzte elgetarrek, Mugarik Gabeko Txuntxuneroak taldeak gaur –domeka– herrian egindako saioaren ondotik. 30 bat txistulari etorri dira, nafarrak gehienak, eta hamaika doinu jo dute, goizean hasi eta eguerdira bitartean: Intxortako Atea izan dute abiapuntu, gudarien omenezko doinuekin; eta Espaloia helmuga, 36ko Gerrari eskainitako erakusketaren bueltan. Tartean, herriko kale eta tabernetan barrena ibili dira, tradizioari eutsiz eta elgetarrei konpainia eginez. 

Euren doinuak entzuten bai, eta aho sabaia gozatzen ere bai; bietan aritu dira Elgetan batutako herritar eta bisitariak. Izan ere, egunerokoan baino mokadu goxoagoak egiteko aukera izan dute, tabernariek lehiaketara aurkeztutako pintxoak eman baitituzte, euro baten truke. Gustukoenari botoa emateko aukera izan dute, gainera, eta hala egindakoen artean sariak zozketatuko dituzte, baita pintxoek dituzten osagaiak asmatzen dituztenen artean ere.

Ekimena martxan izango da datorren domekan ere eta amaieran egingo dituzte zozketak. Orduan, baina, Bergarako trikitilarien konpainian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak