Pintxo-domeka izango da honakoa ere Elgetan, eta pintxo eskaintza berezia egingo dute herriko bost tabernetan. Oraingoan, ordea, herritarrak izango dira protagonista, eta epaile lanak egiteko eskatzen zaie.
Herritarren saria, jokoan
Domeka honetan, tabernek —Haizea, Bolatokia, Maialde, Iñaki eta Espaloia— lehiaketara aurkeztutako pintxo onena eskainiko dute euro bateko prezioan. Eta bezeroek botoa emateko aukera izango dute. Herritarren saria dago orain jokoan, eta ikusi behar da, iaz gertatu moduan, epaimahai ofizialaren erabakia bat datorren bezeroenarekin. "Maila handiko pintxoak aurkeztu dituzte taberna guztiek. Domeka honetan, azaroak 17, eta hurrengoan, azaroak 24, herritarrek aukera izango dute euren pintxo gustukoena aukeratzeko. Horretarako boto paperak eta botoak jasotzeko ontziak izango dituzte taberna guztietan. Parte hartzen dutenen artean bi lagunendako bazkaria edo afaria zozketatuko da", esan dute antolatzaileek. "Tabernarien ekimenez, pintxoak dituzten osagaiak asmatzen dituztenen artean bi ardo botila zozketatuko dira".
Mugarik gabeko txuntxuneroak, kalez kale
Musika Mugarik gabeko txuntxuneroak izeneko taldeak ipiniko du domekan. Han eta hemengo txistulariek osatzen dute taldea, eta festa non han egiten dute hitzordua. Elgetan 30 bat txistulari elkartzea da aurreikuspena. Patxi Basaurik adierazi duenez Tuteratik, Iruñatik, Tafallatik, Agoitzetik, Beratik, Urretxutik, Oñatitik, Pasai Donibanetik, Elorriotik eta Sestaotik etorriko dira. Esna deia egingo dute 11:00etan, eta kalejirak eguerditik aurrera.