Turismo sailak herriko tabernariekin elkarlanean Elgetako VI. pintxo lehiaketa deitu du. Epaimahai ofizialak domekan, hilak 10, aukeratuko du pintxo irabazlea. Taberna bakoitzak bi pintxo aurkeztuko ditu —ikusgai egongo dira udaletxeko arkupean—, eta Udalak 14:00etan emango du saria nagusia. Lehiaketari festa giroa emateko Jainaga eta Narbaiza trikitilariak Elgetan izango dira domeka eguerdian.
Pintxoak euro batean
Pintxo lehiaketarekin batera eskaintza berezia egingo dute herriko tabernariek; euro baten truke eskainiko dituzte pintxoak azaroko domeketan. Lehiaketara aurkeztutako pintxo onena eskaini du prezio horretan taberna bakoitzak. Bezeroen iritzia ere kontuan hartuko dute, eta iaz moduan botoak jasoko dituzte Publikoaren saria erabakitzeko.
Bezeroek ere izango dute sariak eskuratzeko aukera. Boto-emaile guztien artean hil amaieran bi lagunendako afaria zozketatuko dute. Gainera, pintxoen osagaiak asmatzen dituzten bezeroen artean taberna bakoitzean bina botila ardo zozketatuko dituzte.
Musika
Domeka honetan, esan moduan, Jainaga eta Narbaiza trikitilariek girotuko dute eguerdiko txikiteoa Elgetan. Hurrengo astean Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako 30 bat txistularik —Mugarik Gabeko txuntxuneroak— eta azken domekan Bergarako trikitilariek.