Ikusleen adimenean sartuko da Anthony Blake mentalista ezaguna

Imanol Gallego 2013ko aza. 13a, 14:33

'Lo saben todo de ti' eta 'Espíritu' formatu handiko ikuskizunen ostean, Anthony Blake adimenaren mago ezagunak pauso bat gehiago eman eta bere ikuskizuna ikusleari hurbildu dio. Beti egin ohi duen moduan, atmosfera zainduarekin, guztiz beltza den oholtza batean, bere botereek argia sortuko dute.

Argi ilunen laguntzarekin, jazz musikarekin gertatzen den moduan, Blake ikusleen adimenean sartuko da, apurka-apurka ikuslea aulkitik altxarazi eta mentalistaren ikuskizunaren parte izan arte.

Blakeren ikuskizuna berria den arren, 25 urtetik gorako ibilbidean zehar zirrara handien sortu dituzten trukuak erakutsiko ditu Elgetan. "Oso truku aukeratuak dira, gertukoak", dio magoaren prentsa arduradunak. Errepaso hori, baina, ez du bakarrik egingo: "Blakek bere ikuskizun guztietan jendearen beharra izaten du, baina, kasu honetan, ikusleen parte hartzea ezinbestekoa da".

Hortaz, misterioa eta magia gogoko dutenek hitzordu garrantzitsua dute datorren aste bukaeran Elgetan.

Emanaldi bikoitza

Espaloia antzokian Anthony Blake klasikoa da dagoeneko, eta, aurreko emanaldietan bezala, Más allá de la imaginación ikuskizunarekin ere txundituta utziko du jendea.

Oraingo honetan, mentalista ezaguna ikusteko aukera bikoitza egongo da Espaloian: hilaren 16an, zapatuan, 22:30ean, izango da lehenengo emanaldia; eta domekan, aldiz, saioa 19:00etan hasiko da. Joan nahi duten bazkideek 12 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzeko ikusleek, berriz, 16 euro.

Egun horietan, kontuz, elgetar eta bisitariok, ohiko lainoez gain Anthony Blakek misterio handiagoa emango baitio Elgetari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak