Medianoche hirukoteak boleroz jantziko du Espaloia

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 31a, 13:10

Espaloia boleroren doinura mugituko da zapatuan, 22:30ean hasita. Medianoche hirukotea osatzen duten Bernardo Agilera, Pedro Bartra eta Jesus Maria Bastida gitarra eskuetan dutela igoko dira oholtzara, Los Panchos eta Los Tres Reyes taldeen bertsioak egiteko.

"Munduko hirukoterik onenak dira bi horiek guretzako, inork ez ditu gainditu. Dela gitarra jotzeko moduagatik, bai eta zuten ahotsengatik ere", eman du aditzera Bastidak. Hori horrela, omenaldi gisa interpretatzen dituzte haien abestiak.

Zazpi hilabeteko bidea

Eibartik datorren hirukotea duela zazpi hilabete elkartu zen aurrenekoz eta astean behin batzen dira entseguetarako. "Oso ondo pasatzen dugu momentu horietan eta baita eman ditugun kontzertuetan ere". Izan ere, hainbat emanaldi eskaini dituzte orain arte Medianochekoek: "Gauza xumeak izan dira, Elgetako da orain arteko eszenatokirik serioena, ziurrenik".

Kantutegi zabala

Bertsioen gaua izanik, ez dira faltako Los Panchos talde mitiko mexikarraren abesti ezagunak. Obsesión, Rayito de Luna, La última copa edo Sin tí kantuak entzun ahal izango dira Elgetako kafe antzokian.

"Baina gainera, Los Tres Reyes taldearen Homenaje a los Panchos, Como un bolero edo Odiame abestiak interpretatuko ditugu, besteak beste".

Kantu asko 1940ko hamarkadakoak direla azaldu du Bastidak: "Ziur ikus-entzuleek ezagutzen dituztela joko ditugun abestietako asko, baina ez dakitela talde horienak direla".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak