Aurten, Arimen gaua

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urr. 29a, 09:45

Orain bizpahiru urte hasi ziren Elgetako umeak Halloween ospatzen. "Helburua, aurten, jaia gure egitea da", esan du Ana Gillegi Hezkuntza zinegotziak.

Halloween festa amerikarra Elgetako umeen artean ere indarra hartzen ari dela ikusita gogoeta egin dute herriko hainbat eragilek. Iazko Domu Santu egunaren ostean aipatu zuten gaia lehenengo aldiz Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Gazteria batzordean. Pasa da urtea eta hemen da, berriz ere, Domu Santu eguna. Aurten, ordea, zenbait neurri hartzeko ahalegina egingo dute  bai udaletxetik bai guraso elkartetik.

Hezkuntza zinegotzi Ana Gillegik azaldu duenez: "Orain bizpahiru urte hasi zen indartzen herrian gau hori. Umeek ingeleseko orduetan lantzen zuten Halloween, eta benetan gustatzen zitzaien. Guk ez dugu herrian ohitura hori ezagutu, beraz ez genekien zer egin. Herritarrek gainera ez zuten oso ondo ulertzen zer ari zen gertatzen. Gauza bat da gau horretan mozorrotzea baina umeak etxez-etxe gozoki bila hasi zirenean...".

Kezka horrekin egoerari zein irtenbide eman hausnartu dute Elgetan, eta aurten aldaketa txiki batzuk proposatu dituzte elkarlanean Domu Santu inguruko ospakizunerako. "Urte honetan helburua da jaia gure egitea", azaldu du Ana Gillegik. "Horretarako izena aldatu dugu, eta Arimen Gaua erabiliko dugu. Leloa ere bertako egin dugu, eta Gozoa ala sustoa proposatzen dugu. Neska-mutikoek hitz horiek erabiltzen hasiko balira primeran! Gertatu da, aldi berean, eskolako seigarren mailako neska-mutikoek ekintza ezberdinak antolatu dituztela gau horretarako beraien ikas-bidaiarako dirua atera asmoz. Beraien bidez ere indartuko dugu gau berezi hori".

Ahalegin honetan denek bat egiteko ekimenaren berri jaso dute ludotekako zein gaztelekuko hezitzaileek, eskolako irakasleek eta baita eskolaz kanpoko ingeles saioak gidatzen dituen irakasleak ere.

Hala, urriaren 31ko iluntzerako umeendako jolasak eta eskulanak antolatu dituzte seigarren mailako ikasleek, eta gaiarekin lotutako antzezlan bat ere iragarri dute. Maala guraso elkarteak, bere aldetik, irteera 'beldurgarri' batean parte hartzera gonbidatu ditu herriko neska-mutikoak. Hilerri ingurura egingo dute txangoa ilundu ostean. Parte-hartzaileei linternak etxean ez ahazteko gomendioa egin diete.

Festaren jatorria

Domu Santuko ospakizunari buelta bat emateko ahaleginak hainbat kontsulta egitea eragin du eta testigantza batzuk ere jaso dira. Itxura denez Elgetan ere ipintzen ziren argitutako kalabazak Eibarrerako bidean. Baita Ubera auzoan ere, baina San Paulo jaien inguruan.

Ortuan kalabazak egiten dituen baserritar batek ere adierazi du gorde egin behar izan dituela aurten nor edo nor lapurretan hasi delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak