Udalbatzak aho batez onartu du Herrirako kideen askatasuna eskatzeko mozioa

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urr. 28a, 10:23

Urriko osoko bilkuran aurkeztu eta onartu zuten mozioa, Elgetan.

Aho batez onartu du Elgetako udalbatzak Herrirako kideen askatasuna eskatzeko mozioa. Bertan irakur daiteke: "Elgetako Udalak PPren Gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren estrategia politiko-judizial partekatua salatzen du, "dena ETA da" tesia aktibatzeagatik". Baita ere: "Elgetako Udalak euskal herritarron eskubide zibil eta politikoen errespetua eta Herrira-ren baitan euskal presoen oinarrizko eskubideen alde lanean ari ziren atxilotutako pertsona guztien askatasuna eta euren kontrako salaketak bertan behera geratzea eskatzen du".

Mozioa osorik

HERRIRAKO KIDEEN ASKATASUNA ESKATZEKO MOZIOA

Euskal Herrian aldaketa politiko sakonak bizi izan ditugu azken urteetan. Aldaketa politiko sakona izan da ETA erakundeak erabaki eta adierazi izana 2011ko urriaren 20an bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera.

Herri hau, giza eskubide guztien onarpenean eta defentsan oinarrituz, demokrazia eta bakea garatuz eta herritarren borondatea oinarritzat hartuz eraiki behar da. Hori da herri honen gehiengoak aspaldi egindako hautua da.

Duela egun batzuk Herrira plataformako kideak atxilotu dituzte. "Dena ETA da" tesiari eutsiz egin dituzte atxiloketak, Euskal Herrian bake prozesua bultzatu eta finkatzeko bidean atzeraldia suposatu dutelarik.

Euskal Herriko erakundeek eta gizartearen gehiengo nabarmenak euskal presoak jasaten ari diren oinarrizko eskubideen urraketak behin eta berriz salatu dituzte, legeak, zuzenbide internazionalak eta giza eskubideen deklarazioak presoei aitortzen dizkien eskubideak defendatzea zilegia dela adieraziz.

Oinarrizko eskubideen etengabeko zapalketak ez dira inolaz ere lagungarri gure herriak bizi duen soluzio bilaketarako. Soluzioa baitator batetik, oinarrizko eskubide ororen errespetatzetik eta bestetik, gure herriak bizi duen gatazka politikoa itxiko duen akordio politikoa lortzerik; beti ere gure herriak bere etorkizun politikoa erabakitzeko duen eskubide demokratikoa oinarri hartuta.

Erakunde politikoen ilegalizazio prozesuek eten egiten dituzte oinarrizko eskubide diren ideologia, adierazpen, elkartze eta parte-hartze aldarrikapen demokratikoak; euskal gizartearen aniztasun politikoari zor zaion errespetuari eragiten diote zuzen zuzenean, eta baita gure herriko elkarbizitzari ere; eta guztiz urruntzen gaituzte euskal gizarteak behin eta berriz eskatzen duen normalizazio politiko eszenatokietatik.

Horregatik guztiagatik:

1.- Elgetako Udalak PPren Gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren estrategia politiko-judizial partekatua salatzen du, “dena ETA da” tesia aktibatzeagatik, ETAk duela ia bi urte ekintza armatuaren behin betiko etena aldarrikatu zuela jakitun izan arren eta ETAren erabakiaren irrebertsibilitatea eta egiazkotasuna egiaztatzeko ardura politikoa bere gain hartu beharrean, eta bake prozesua bultzatu beharrean, aipatu taldearen ekintzak irauten duen ideia berreskuratu nahian dabiltzalako.

2.- Elgetako Udalak euskal herritarron eskubide zibil eta politikoen errespetua eta “Herrira”ren baitan euskal presoen oinarrizko eskubideen alde lanean ari ziren atxilotutako pertsona guztien askatasuna eta euren kontrako salaketak bertan behera geratzea eskatzedu.

ARALAR-INDEPENDIENTEAK, BILDU, EAJ.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak