Yllana antzerki taldearen'Far West' ikuskizuna Espaloian

Imanol Beloki Unamuno 2013ko urr. 25a, 12:14

Yllana antzerki konpainiaren antzezlan umoretsua ikusteko aukera izango da Elgetako Espaloia kafe antzokian bihar, egubakoitza, 22:30ean. Sarrerak 15 eurotan daude salgai Espaloia kafe antzokian, eta 943 78 90 85 telefonora deituta ere lor daitezke. Bazkide direnek, gainera, merkeago izango dute sarrera, 12 eurotan.

Umorez beteriko antzezlana publiko guztientzat zuzendutako saioa izango da eta lehen aldiz jorratuko du antzerki talde horrek western generoa. Ez da izango Espaloian antzeztuko duten lehen aldia, aurretik ere hainbat ikuskizun eskaini baitituzte Elgetako antzokian.

Baserritar xume batek bere bikotekide izango den neska jasoko du Mendebalde Urruneko tren geltoki batean. Hala ere, lehen musua eman aurretik, bahitu egingo dute bi gaizkilek. Baserritarra hainbat modutan saiatuko da gaizkileen eskuetatik neska askatzen. Baina, bahituta dagoen bitartean, bahitutako emakumeak amestu ezin zituen balioak aurkituko ditu bere barnean, heroi bihurtzeraino. Anti-heroien epopeia horrekin, lege gabeko mundu basatia ezagutarazteko antzerkia izango da; indiar tribuak, arriskuz beteriko basamortuak, taberna zuloak, eguzki gogorraren azpiko dueluak eta, kalitate oneko westernak bezala, akzioduna. Horrela, Mendebaldeko filmen munduari omenaldia egiten diote.


Taldearen ibilbide luzea

1991n sortutako antzerki taldea keinu bidezko umorea egiten hasi zen, baina gaur egun dibertsifikatu egin dute euren lana arte eszeniko eta ikus-entzunezko zerbitzuekin osatuta. Juan Francisco Ramos, Marcos Ottone, David Ottone, Joseph O' Curneen eta Fidel Fernandezek osatzen dute taldea eta 22 urtetan hainbat lan ezagun sortu dituzte: ¡Muu! (1991), Glub, Glub (1994), 666 (1998), Hipo (1999) eta Rock and Clown (2000)… besteak beste.

Alde batetik, ikuskizunen sorkuntzan, produkzioan eta banaketan jarduten dute, eta, beste alde batetik, hainbat proiektu kultural garatzen dituzte. Antzerki ikuskizunez gain, zineman, telebistan eta publizitatean ere lan ederrak egin dituzte. Talde gaztea da, eta nazioartean ere ibili da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak