Elgetako Udalak, orokorrean, %1 igoko ditu tasak eta zergak 2014an

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urr. 23a, 14:29

Zaborren tasa %2 igoko da, eta etxebizitza hutsen gaineko gainkarga %100.

Udalbatzak atzo, martitzena, onartu zituen 2014rako udal tasak eta ordenantza fiskalak. Aralar-Independenteak taldeak egindako proposamenak aurrera egin zuen. "Iaz onartutako ordenantza fiskalen oso oso antzerakoak dira aurten udalbatzarrera ekartzen ditugun ordenantzak", adierazi zuen Oxel Erostarbe alkateak. "Esan behar da, baita ere, mantendu egingo ditugula orain arteko hobariak".

Bildu abstenitu egin zen zaborren tasan: Janire Lazkano bozeramaileak adierazi zuen gaia lantzeko epe txikia eman zaiela. Jeltzaleek, berriz, inor erroldatuta ez duten etxebizitzei aplikatuko zaien %100eko errekarguaren kontra bozkatu zuten. "Gainkargarik ez aplikatzearen aldekoak gara. Neurri hori ez da eraginkorra", esan zuen jeltzaleen bozeramaile Patxi Basaurik. 

Gainkarga honen inguruan Oxel Erostarbe alkateak jakinarazi zuen finkatu beharrak dituztela oraindik ere salbuetxita geratuko diren kasuak. Bestalde, etxebizitza horien egoera aldatzea nahi duten etxejabeei eskatzen zien neurriak hartzeko urtea amaitu aurretik.

Berezitasunak

Udalak, orokorrean, %1 igoko ditu udal zergak. Igoerarik aplikatuko ez delako salbuespena dira, esaterako, landa lurren gaineko zerga, ekonomia jardueraren gaineko zerga, kirol zerbitzuak, haurrei zuzendutako zerbitzuak, hilerriko tasa, ibilbide tematikoaren prezioa, eta etxebizitza tutelatuko zerbitzua. Bestetik, higiezinen gaineko zerga %2 igoko da —Aldundiak %1 igoko duelako balore katastrala—, eta inor erroldatuta ez duten etxebizitzei %100eko gainkarga aplikatuko zaie.

Zaborren gaineko zerga %2 igoko dute —Mankomunitateak %10 igoera aplikatuko dio Udalari—. "Zoritxarrez eskualdeko herriok ez dugu zabor tasaren inguruko irizpide bateraturik", esan zuen Erostarbek. "Argi esan behar dugu honekin zabor zerbitzua finantzatzen ari garela udaletxetik eta horrek defizita sortuko duela gure aurrekontuan". Defizit hori 10.000-11.000 euro ingurukoa izango dela aurreratu zuen alkateak.

Konposta egiteak ekarriko dituen hobarien berri ere eman zuen Udalak atzoko osokoan: %50eko hobaria baserritarrei, eta %25eko hobaria gainerako herritarren kasuan.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak