Elgetarron mugikortasun beharrak jaso ditu Aldundiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urr. 21a, 21:28

Dozena bat herritarrek egindako ekarpenak jaso ditu Herritarrekin martxan kanpainiako bitartekari Itziar Eizagirrek.

"Aldundiak herri arteko autobus zerbitzua hobetu nahi du, eta Herritarrekin martxan izeneko kanpaina ipini du martxan", adierazi zuen Elgetan kanpainako horretako bitartekari Itziar Eizagirrek. "Gaurko batzarrean zuen mugikortasun beharrak jasoko ditut. Beste bi batzar ere egingo ditugu. Hurrengoa, esaterako, Aldundiko teknikoek zuen eskaeretatik abiatuta prestatuko proiektua aurkezteko egingo dugu".

Eskaera ugari

Batzarrean gaur egungo autobus zerbitzuak dituen hutsune ugari azaleratu ziren. Herritarrek esan zuten, esaterako, eskaripeko zerbitzuen funtzionamendua ez dela egokia horretarako dagoen telefono zenbakian ez dutelako beti erantzuten.

Elgeta-Bergara zerbitzuan bi parada gehiago eskatu zituzten; Agorrosinen eta Labegaraietan. Goiz erdian Bergaratik zein Eibarretik igotzeko zerbitzuak ere martxan jartzeko eskatu zuten.

Aste bukaeretako zein gaueko autobus zerbitzuak hobetzeko, iluntzean zerbitzu gehiago ipintzeko, autobus geltokiak seinaleztatzeko, eta autobusetan bizikletak sartzeko aukera emateko ere eskatu diote elgetarrek Foru Aldundiari.

Ekarpenak egiteko aukera dago oraindik ere. Udaletxean buzoi bat utzi zuen Eizagirrek herritarrek ekarpenak bertan uzteko. Proposamenak Internet bidez ere egin daitezke hemen. Eta Eizagirrek esan zuen batzar ireki gehiago egingo direla Elgetan. "Gutxienez beste bi", esan zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak