Oxel Erostarbe: "Oinarrizko zerbitzuak mantentzea izango da 2014ko aurrekontuaren ezaugarria"

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urr. 17a, 14:30

Udalak batzar irekia egin zuen atzo herritarrei aurrekontuaren zirriborroa aurkezteko; inbertsioetan mantenu lanek izango dute lehentasuna.

Sei lagun elkartu ziren atzo 2014ko aurrekontuaren inguruan Udalak antolatutako batzar irekian; bi zinegotziak ziren eta bat udal langilea.

Oxel Erostarbe alkateak Udalaren egoera ekonomikoaren inguruko informazioa eman zuen. Jakinarazi zuen Udalak 926.071,28 euroko zorra duela, eta 2014an 160.000 euro ordaindu beharko dituela amortizazioetan eta 2011ko Foru Funtsaren itzulketan. Hortik aurrera, ekitaldi honetako aurrekontuarekin alderatuta kopuru orokorretan aldaketa gutxi aurreikusten ditu Udalak. "2013koaren antzerakoak izango dira alor gehienetan bai diru-sarrerak bai gastuak (...) Aurrekontua izango da egoera ekonomikoak baldintzatzen duena, zerbitzu guztiak mantentzeko modukoa, herritarren ekarpenak eta herriko taldeen ekarpenak jasoko dituena eta herriko mantenu lanak jasoko dituena", esan zuen Erostarbek.

Inbertsioetarako 160.000 euro

Gastu eta transferentzia korronteak, gizarte-ongizatea, Kirol eta Hezkuntza zerbitzuak... "Lehentasunezko zerbitzuak eta gastuak mantenduz, inbertsioetarako aurrekontuaren %10 geldituko litzateke; hau da, 160.000 bat euro", azaldu zuen Erostarbek.

Inbertsio horietan, Intxortako ibilbide tematikoak eta errekreazioak 25.500 euroko diru-lerroa izango dute, argiteria berritzeko 20.000 euro, irisgarritasuna lanetarako 20.000 euro, baserri-guneen mantenurako 19.680 euro, hilerriko horma bat konpontzeko 15.000 euro, erdigunean autoen abiadura murrizteko neurrietarako 10.000 euro, auzo-konposteko gune berrietarako 9.000 euro, herriko kaleen mantenurako 7.500 euro, bizikleta-gunerako 6.800 euro, hiri-altzariak berritzeko 4.000 euro, usoak kentzeko neurrietarako 3.000 euro, eta eskolan hesi bat ipintzeko 1.000 euro.

Herritarren ekarpenak

"Udalaren helburuetako bat aurrekontua herritarrekin batera egitea izan da", esan zuen atzo alkateak. "Beharra daukan herritarrak egin ditu bere ekarpenak. Batez ere herriko eragile ezberdinetan parte hartzen dihardutenek esan dute zein laguntza behar duten udaletxetik. Gero egon dira ekarpenak norberaren inguruari eragiten diotenak: etxe ondoko aparkalekua ez dagoela margotuta, kalean galtzada-harriak falta direla...". Ekarpen gehienek aurrekontuan islada izan dutela adierazi zuen Erostarbek.

Udal ordezkariak asteotan ari dira aurrekontua lantzen. Datorren astean, esaterako, 2014ko udal tasak eta ordenantza fiskalak onartuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak