Jardunaldi mikologikoak izango dira Elgetan eguenetik domekara bitartean

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urr. 15a, 11:36

Sukaldaritza ikastaroa gidatuko du Jesus Mari Kalboetxeagak eguenean; plaza mugatuak daude eta zabalik dago izena emateko epea udaletxean.

Udazkenarekin batera badator perretxiko sasoi oparoena, eta Elgetan II. Jardunaldi Mikologikoak antolatu dituzte. Hala, hurrengo aste bukaerarako hainbat ekintza iragarri dituzte.

Eguenerako, hilak 17, Perretxikoa sukaldean izeneko ikastaroa antolatu dute. Sukaldaritza ikastaroa izango da, eta Maialde landetxeko sukaldari Jesus Mari Kalboetxeagak gidatuko du. Intxorta elkartean egingo dute saioa 19:00etan hasita, eta prezioa sei euro da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez plaza kopurua mugatua da. Hala, interesatuek aurrez eman behar dute izena udaletxean.

Irteera perretxikotara

Zapaturako, hilak 19, umeendako eta gurasoendako irteera antolatu du Udalak. Taldea 16:00etan abiatuko da herriko plazatik. Helburua da umeekin batera Elgeta inguruko basoetara osteratxoa egitea. Itzuleran, 18:00ak aldera, ekarritako perretxikoak sailkatuko dituzte.

Perretxiko horiekin eta bestelako herritarrek ekarritakoekin erakusketa egingo dute domeka eguerdian; 11:30etik aurrera egongo da ikusgai herriko plazan.

Pintxoak tabernetan

Eskaintza gastronomikoa ere egongo da aurten Elgetako II. Jardunaldi Mikologikoetan. Bariku eta zapatu iluntzean —19:00etatik aurrera— eta domeka eguerdian perretxikoekin egindako pintxoak eskainiko dituzte herriko tabernariek. Pintxo horiek euro bateko salneurria izango dute taberna guztietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak