Elgetako baserritarrek hamaika postu ipini dituzte gaur plazan

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko ira. 28a, 17:28

Herriko lau artisauk, udal liburutegiaren postuak eta Igor Herce eta Xabat Leanizbarrutiaren burdin erakustaldiak aberastu egin dute baserritarren azoka.

Baserritarrak kexu ziren ortuak aurten ezer gutxi eman duelako. Gaur goizean, ordea, produktu sorta polita ikusi da plazan. Urtean behin egiten dute azoka herriko baserritarrek eta gaurkoan ez dira lekak, azelgak, sagarrak, madariak, urrak, tomateak, kalabazinak, piperrak, porruak, azenarioak, edo patatak falta. 

Baserritarren esanetan salmenta 'politto' joan da. Zabaleta baserriko Sebas Arantzabali eskuetatik kendu dizkiote azokara eraman dituen txorizoak. Pedro Mari Uberak, berriz, beherala saldu ditu zazpi kilo leka. Sesto baserritik azokara ekarritako onddoek ere harrera oso ona izan dute.

Ondo joan da azoka. 11:00ak aldera egin duen euri apurrak aterpera mugitu arazi ditu baserritarrak, eta horrek sakabanatu egin du azoka, baina hitzordua indartuz doala esan daiteke.

Artisautza eta erakustaldia

Artisauak ere izan dira gaurko azokan. Eskulanak, larruzko poltsak, pitxi-pitxiak, oihalezko konplementoak... Igor Hercek eta Xabat Leanizbarrutiak burdinarekin egindako erakutsaldiak ere ikusmina sortu du.

Azoka amaieran Udalak bi otar zozketatu ditu azokan erosketak egin dituztenen artean. Zozketa amaitutakoan Oxel Erostarbe alkateak urtean zehar ere herriko baserritarren produktuak kontsumitzen jarraitzeko dei egin die herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak