Hamar baserritar eta bost artisau izango dira bihar baserritarren azokan

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko ira. 27a, 13:30

Intxortako igoerak ikusmina sortu du aurten ere; 11:30ean jokatuko da.

Herriko baserritarrek 10:30ean zabalduko dituzte postuak bihar, zapatua. Herrian bertan ekoiztutako produktuak ekarriko dituzte plazara salmenta onak egiteko itxaropenarekin. "Giro ona egoten da", adierazi du postua urtero ipini izan duen Pedro Mari Uberak. "Jendea ibiltzen da eta lekak eta tomateak, esaterako, oso ondo saltzen dira". Ortuak, aurten, gutxi eman duela ere aurreratu du Uberak. Aipatzen du, baita ere, baserritarrak gero eta gutxiago, eta gero eta nagusiagoak direla. Udalak, erosleak saritzea pentsatu du aurten, eta azokan produktuak erosten dituztenen artean bi otar zozketatuko ditu lehenengo aldiz.

Jakitera eman dutenez, eta zailtasunak zailtasun, hamar baserritar eta bost artisau izango dira azokan. Pili Arin, Lorea Ibeas, Sonia Miranda, Arrate Egurrola eta Igor Herce izango dira artisauak. Azken honek, gainera, burdina nola lantzen den ikusteko erakustaldia egingo du Xabat Leanizbarrutiarekin.

Intxortako igoera eta txorimaloak

Azokaren bueltan Intxortako igoera eta Txorimalo lehiaketa ere jokatuko dira bihar. Igoerak ikusmina sortu zuen iaz, eta bat baino gehiago ikusi dugu asteon entrenatzen. Lasterketa 11:30ean hasiko da. Parte hartzaileek 11:00etatik aurrera eman dezakete izena plazan.

Txorimaloek ere tartea izango dute azokan. Iaz egin zen lehiaketa lehenengo aldiz, eta lau txorimalok hartu zuten parte. Aurten ere saria jasoko dute txorimalo ederrenek.

Herriko plazan banatuko dituzte sari guztiak 13:00ak aldera. Bertan izango dira giroa alaitzeko Adolfo Jainaga eta herriko trikitilari taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak