0-14 urte bitarteko umeendako jolasparkea egiten dihardute Bolatokian

Maala parkeak ere badu konponketa beharra; auzolanerako dei egingo du Udalak.

Ikasturte hasiera honetan hesituta dago kiroldegiko jolasgunea. Parkea berritzeko lanak abiarazi ditu Udalak, eta nobedade  handiak iragarri ditu.

Lurrarekin egindako betelanarekin handitu egingo da berdegunearen azalera. Gainera, bidegorri itxurako espaloi batek kiroldegiaren sarrera, skate parkea eta jolasparke berria lotuko ditu. Guneak pasealeku itxura hartuko du; Domingo Iturbe kaleko goiko aldean dagoen parkearen antzerakoa.

Jolas gehiago

Jolasparkeari dagokionean bi gune izango ditu: 0-5 urte bitarteko umeena, eta 5-14 urte bitartekoena.
Txikien guneak etxetxo bat, hareazko kutxa, bi ziburu eta jolaserako modulu bat izango ditu. Nagusiagoendako izango den gunean aurreikusten dira piramide bat, zesta itxurako ziburua, txirrista handi bat, txikiagoak diren beste bi txirrista —aurretik daudenak berreskuratuko dira—, eta jolasguneari abentura parke itxura emango dion 31 metroko tirolina. 

Mahai gehiago

Egurrezko lau mahai daude Bolatokiko parkean, eta guztiak konpontzea erabaki du Udalak. Horrez gain mahai berriak ere ekarriko dituzte. Kantxaren goiko aldean dauden jolasak oso hondatuta daude, eta berreskuratu ezin direnak kendu egingo dituzte. Litekeena da libre gelditzen den espazio horretan mahaiak ipintzea.
Goitu enpresako beharginek dihardute Bolatokiko parkea  berritzeko lanetan. Lanak noiz amaitu dituzten galdetuta Oxel Erostarbe alkateak ez du data zehatzik eman. "Urteko sasoi honetan eguraldiak eragin handia du", adierazi du.

Auzolanerako deia

"Asmoa da konpondu daitezkeen altzari eta jolasak berreskuratzea", adierazi du Erostarbek. Bolatokiko parkean, esaterako, bi txirrista, etxetxo bat eta mahaiak konponduko dituzte.
Maala parkeko jolasguneak ere badu konponketa batzuk egiteko premia. Udalak jakinarazi du iraila amaitu aurretik herritarrei jolas horiek auzolanean konpontzeko dei egingo diela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.