103 neska-mutiko hartuko ditu Elgetako Herri Eskolak ikasturte berrian

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko ira. 8a, 13:48

Eskolak bihar, astelehena, hasiko dira; kanpoko zein barruko jolastokietako lanak amaituta daude.

Astelehenean emango diote hasiera 2013-2014 ikasturteari Elgetako Herri Eskolan. Lehenengo egunean 89 neska-mutiko espero dituzte eskolan. Egun bat beranduago, martitzenean, hasiko dira aurten bi urteko gelan sartzen diren 14 haurrak.

Umeek jardunaldi erdia egingo dute astelehenean eta martitzenean; Haur Hezkuntzakoek 09:00etatik 12:30era, eta Lehen Hezkuntzakoek 09:00etatik 13:00etara. Gogoan izan jantoki zerbitzua eskainiko duela eskolak hasieratik; haur horiek 14:00etan irtengo dira.

Zazpi unitate edo gela izango ditu aurten eskolak. Bi urteko gelan 14 ume izango dira; hiru eta lau urteko gelan —elkartuta— 19 ume; bost urteko gelan 12, lehenengo eta bigarren mailetan —elkartuta— 17 ume; hirugarren mailan 12; laugarren mailan 11 ume; eta bosgarren eta seigarren mailetan —elkartuta— 18 ume.

Lan garrantzitsuak

Jolastoki berri-berria izango dute eskolako neska-mutikoek ikasturte honetan, besteak beste eskolaren aurreko aldean egindako frontoi zaharra eta harmailak. Ekainean frontoi zaharrean egin zuten ikasturteko azken otordua lanak guztiz amaituta ez zeudela. Ikasturte hasierako erabilgarri egongo da gune guztia, eta Udalak inaugurazio ekitaldia iragarri du hilaren 13rako, barikua. Eskolako umeak izango dira protagonista.

Barruko jolastokian ere lanak egin ditu Udalak. Arazoak zeuden euri-urarekin eta hoditeriak garbitu eta lurra berritu dute. 

Haurreskolan sei erabiltzaile

Eguenean zabaldu zituen ateak haurreskolak. Sei umerekin hasi dute ikasturte berria, eta hemen ere hobekuntza lanak egin ditu Udalak. Kanpoko jolastokian segurtasunezko lurra bota dute, eta jolastokiaren eta belardiaren artean itxitura ipini dute. Gelditzen da haurren aulkiak uzteko tokia hobeto babestea. Urrian zabalduko dute atzera ere izenemate epea haurreskolan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak