Goiko kaleko auzotarrek —eta beheko kaleko beste hainbat ere bai— giro ederrean ospatu dute gaur San Roke eguna. Gauerdian puntuan eman diote hasiera ekitaldi sortari: hasteko eta behin suziri tanda ederra, eta ondoren iazko jaietan ateratako argazki bilduma ikusi dute eskolako horman proiektatuta.
Eguerdian fededunek meza entzun dute San Roke ermitan eta ondotik pintxoak eta salda banatu dituzte auzotarrek. Festak txikiteoarekin jarraitu du. "Bi taberna zeuden zabalik eta hala egin dugu gaurkoan txikiteoa". Trikitilariek girotuta egin dute buelta.
Bazkaria ere egin dute. Maialde landetxeak prestatutako menua dastatu dute mahaiaren bueltan elkartu diren 80 bat lagunek. "Primeran jan eta edan dugu", esan digu auzotar batek San Roke jaiak ipintzen zuen lastozko txapela buruan zuela. Dantza saio ederrak ere egin dituzte bazkalostean. Adin guztietako elgetarrak elkartu dira bazkaltzera, eta iluntzera arte luzatu dute festa giroa.