Agur, Erdiko Dendari

Ubane Madera 2013ko abu. 6a, 14:43

Elgetarrek zerbitzu bat galdu dute asteon: 2008az geroztik Erdiko Dendak edo, herrian ezagunagoa den moduan, EkoD izeneko dendak ematen ziena. Izan ere, eta bestelakoen artean, krisiaren eraginez, ateak itxi egin behar izan ditu saltoki horrek. Atzo, astelehena, izan zuen azkeneko eguna.

Elgeta moduko herri txiki batendako zerbitzu handia da urteotan Eko D dendak eman diena, besteak beste, ogia saltzen zuelako, eta gainera, astelehenetik domekara artean zabalik zegoelako.

Saltokiaren jabeak, baina, Dayami Barok ezin izan dio Erdiko Dendari luzaroagoan eutsi. Arrazoi nagusia da berarekin lanean zebilen langilea joan ostean berak bakarrik ezin izan diela dituen bestelako zereginei aurre egin.

Ezin eskualdatu

Saltokia ixteko erabakia hartu ostean, hala ere, ahalegindu zen denda eskualdatzen, beste norbaitek har zezan; baina ez du dendarekin jarraitu gura duenik lortu, seguru aski, krisiaren eraginez; eta dendaren ateak ixtea beste erremediorik ez du izan. Pena handiarekin aurkitu genuen atzo, astelehena, laneguna izan zuen azkeneko egunean. Ateak behin betiko itxi ostean etxera negar egitera joango zela adierazi zigun.

Dirua galdu

2008ko abenduan zabaldu zituen ateak Erdiko Dendak. Dayami Barok berak txukundu zuen lokala bere poltsikotik. Eta zoritxarrez, ez du lortu lokal horretan inbertitutako dirua berreskuratzerik. Hala ere, ez da damutzen denda zabaldu izanaz, eta espero du elgetarrak eurak ere gustura geratu izana berak emandako zerbitzuarekin.

Jatorri kubatarra du Barok, baina zeharo elgetartu dela esan daiteke, 17 urte daramatza-eta bertan bizitzen. Erdiko Dendan, adibidez, uztartuta zituen Kubako bandera eta gure Ikurrina, denon bistara. Orain, geldialditxoa egingo du, egoera berrira egokitu arte. Baina seguru laster ikusiko dugula Dayami Baro bestelako zereginetan, ez dirudi-eta geldi egotekoa denik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak