Etxebizitza hutsei aplikatutako errekargua erdira jaitsi dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko uztailaren 25a

Kontribuzioa ordainduta daukaten etxejabeei dirua itzuliko die Udalak.

Etxebizitza hutsak dituzten jabeei kontribuzioan %150eko errekargua aplikatzeko erabakia hartu zuen Elgetako udalbatzak urrian. Erabaki horrek alegazio ugari jaso ditu sei hilabeteotan, eta ordenantzak aurreikusten ez dituen eta kontuan hartzekoak diren salbuespenak badaudela onartzen du orain udal gobernuak. Hala, ordenantzan zenbait zuzenketa egiteko proposamena aurkeztu zuen martitzeneko osoko bilkuran. Aralar-Independenteak eta Bilduren aldeko botoekin —6 boto— onartu ziren zuzenketak. Alderdi jeltzaleko bi ordezkariek aurkako botoa eman zuten. 

Errekargua erdira

Lehenengo eta behin errekargua modu progresiboan aplikatzea onartu du udalbatzak. Hala, aurten, %75ekoa izango da errekargua kasu guztietan, eta ez %150ekoa. Bestetik, hiru salbuespen berri onartu dira: ez zaie errekargurik aplikatuko hiri-ordenaziotik kanpo dauden etxebizitzei, errolda aldaketa ekainaren 30era bitartean egin duten herritarrei, eta nahiz eta hutsik egon ustiatuta dauden baserriei. Bestetik, eta Bilduren ekimenez, plataforma berri bat sortuko du Udalak non baserrijabeek aukera izango duten ustiaketarako gertu duten baserria eskaintzeko. Interesaturik balego, udaletxean egongo da errolda hori.

Aldeko eta kontrako iritziak

Bilduk begi onez ikusi ditu udal gobernuak proposatutako zuzenketak: "Beti ere errekargua modu progresiboan aplikatzeko konpromisoa badago. Etxebizitza hutsei bizitza eman behar zaie", esan zuen Janire Lazkanok.
Patxi Basauri jeltzalea, ordea, oso kritiko agertu zen. "Urrian hartutako erabakia bidegabea eta presazkoa izan zen, eta jeltzaleok horrela adierazi genuen bere egunean. Onartu behar duzue hanka sartze ederra izan zela: alegazio asko jaso dira, eta sei hilabeteren bueltan atzera egin nahi duzue. Herritarrek ez dituzte horrelako erabakiak erraz ulertzen". Basaurik proposatu zuen Eusko Jaurlaritza gaiaren inguruan lantzen ari den legea atera bitartean etxebizitza hutsei errekargurik ez aplikatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak