Eraikin zaharrei azterketa teknikoa pasa behar zaie

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko uzt. 24a, 20:08

Gastua murrizteko aurrekontu bateratua eskatzeko aukera eskaini die Udalak etxejabeei.

1901ekoak baino zaharragoak diren eraikinek Eraikinen Azterketa Teknikoa —espainolezko ITE siglekin ere ezaguna— pasa beharko dute urtea amaitu aurretik. Abenduaren 15ean indarrean sartu zen Eusko Jaurlaritzaren dekretu batek epe zehatzak ipintzen ditu etxejabeek betebehar horrekin konplitu dezaten, eta Elgetaren kasuan ere Udalak du kontu horren inguruko jarraipena egiteko ardura. 

Astelehenean 30 bat lagun elkartu ziren Udalak deitutako informazio bileran. Bertan, hainbat azalpen eman zituzten Suradesako teknikari Luis Laskurainek eta Miren Argi Zeziagak. Oxel Erostarbe alkateak ere gaiarekin lotuta Udalak egindako gestioen berri eman zuen.

Aurrekontu bateratua

Deialdia, oraingoz, 1901. urtea baino lehen eraikitako etxebizitzen jabeei egin diete. Udalak interesatuei proposatu die aurrekontu bateratua eskatzeko; "gastuak murriztu aldera", esan zuen alkateak. Zenbait aurrekontu ere eskatu ditu Udalak, eta kopuruen berri eman zuen Erostarbek bileran. "Ideia bat egiteko: lau etxebizitza dituen eraikin batendako aurrekontua 550 euro + BEZ izan daiteke, lau etxejabeen artean ordaintzeko".

Udalak ez du inor Eraikinen Azterketa Teknikoa egitera behartuko, baina aurrekontu bateratu batean parte hartzeko interesa duten etxejabeendako irailaren 15era arte epea zabaldu du udaletxean izena emateko. Informazio gehiago behar izanez gero herritarrek Suradesako teknikari Miren Argi Zeziagarengana jo dezakete. Astelehen goizetan egoten da udaletxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak