Azken 27 urteotako kioskoari agur esan diote Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko uzt. 23a, 18:35

Kiosko handiagoa ipiniko dute haren tokian; Julian Markiegik oporren ostean, abuztuaren 28an zabalduko du.

Goiz gorabeheratsua izan zen atzokoa San Roke kaleko kioskoko Julian Markiegirendako. Azken 27 urteotan lantoki izan duen kiosko zaharra hustu eta dagoen tokitik kentzeko eguna zen. Lehenengo egitekoa kioskoa hustea izan zen; udal brigadako bi langileren laguntzarekin 11:30ean erretiratu zituen azken gozoki eta kutxak Markiegik. Itxita laga zuen kiosko txikia. Azken aldiz itxi zuen 27 urtean zabaldu eta itxi duen leihatila.

Goitu enpresako langileek hartu zuten lekukoa eta 14:30ak aldera ekin zioten lanari. Egurrezkoa zen kiosko txikia, baina adreiluzkoa zuen beheko egitura guztia. Hala, porrarekin kolpe batzuk eman zizkioten lehenengo eta teilatutik lotuta altxatu zuten kamioira. 15:15erako kamioiaren gainean zen kiosko zaharra.

Berria datorren asterako

Kiosko berria izango dugu Elgetan. Toki berean kokatuko dute, eta handiagoa izango da. Gutxi gorabehera, azalera bikoitza izango du orain artekoarekin alderatuta. Udal arduradunen esanetan, astelehenean iritsiko da eta lehenbailehen jartzea da asmoa. Apalak eta beharrezkoa izango duen instalazio guztia egin beharko da. Abuztuko lehen egunetan egin gura dute lan hori guztia. Julian Markiegik oporretatik bueltan, abuztuaren 28an, zabalduko du kiosko berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak