Eguenerako egun osoko egitaraua gertatu dute Goimendi auzoan

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko uzt. 22a, 22:00

Urteroko mezarekin hasiko dira Santixauak, ondotik etorriko dira bertsolariak, herri kirolak...

Festa eguna izango da eguena, hilak 25, Goimendi auzoan. Santixauak ospatuko dituzte 11:00etako mezaren ostean. Urtero moduan, Kezka dantza taldeko kideek soka-dantza egingo dute 12:00etan, eta ondotik bertso saioa egingo dute Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluze bertsolariek.
Trikitilariak ere gonbidatu dituzte Goimendira: Jon Ostolazak eta Unai Andonegik girotuko dituzte jaiak soinuarekin eta panderoarekin. Bazkaltzera joan aurretik, umeendako jolasak iragarri ditu jai batzordeak. Ermitaren aurreko aldean egingo dituzte 13:00etan hasita.

Herri kirolak eta musika

Arratsaldean, herri kirolak izango dira nagusi. 18:00etan erakustaldia egingo dute Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugertza aizkolariek. Harri-jasotzaile lanetan, berriz, Urtzi Telleria ariko da. Bolotan egin nahi dutenek ere aukera izango dute 18:30ean txapelketa jokatuko baita auzoko bolatokian.

Musikarekin agurtuko dituzte Santixau jaiak Goimendi auzoan. 19:00etan azken bertsoak botako dituzte Jexux Mari Irazuk eta Aitor Mendizalek, eta ondoren erromeria egingo dute Ostolaza eta Andonegi trikitilariek. Tartean, Goimendin klasikoa den urdaiazpikoaren zozketa egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak