Bi taxilarik ematen dute taxi-bus zerbitzu berria

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko uzt. 10a, 17:17

Eskaripeko zerbitzu larregi dagoela diote, eta bezeroak kexu direla eskaerak egiteko telefonoarekin.

Bi aste dira Bergara eta Elgeta arteko taxi-bus zerbitzu berria martxan dela. Elgetan aspalditik ezaguna den Pegerto Blanco da taxi-bus zerbitzu berriaren titularra. Ezinduendako egokitua den bederatzi lagunendako furgonetarekin emango du zerbitzua. Ordezkoa ere izango du: Oscar Moreno taxilaria. Skoda Superb auto beltza du.

Bidaiaren prezioa 0,88 euro da, eta ordainketa Mugi edo Lurraldebus txartelarekin egin behar da derrigorrean. Gogoratu Julianen kioskoan egin daitekeela Mugi txartelaren eskaera.

Kezka eskaripeko zerbitzuekin

Zerbitzu berriak denbora gutxi darama martxan, eta taxilarien esanetan denborak esango du ordutegi eta funtzionamendu berria egokia den ala ez. Dena den, iritsi zaizkie lehenengo iradokizunak: "Desagertu egin da, eta bezeroek faltan botatzen dute 11:30eko zerbitzua. Bestalde, arazoak daude 943 00 01 17 telefono zenbakiarekin. Bezeroak kexu dira erantzungailu batekin egin behar dutelako berba eta ez pertsona batekin. Ezin omen dute ziurtatu zerbitzua behar den moduan eskatu duten ala ez", adierazi dute Blancok eta Morenok.

Taxilari biek uste dute eskaripeko zerbitzu larregi dagoela: "Astelehenetik domekara bitartean hiru zerbitzu finko ditugu, eta eskaripekoak zazpi dira. Aste bukaeratan, berriz, guztiak dira eskaripekoak". Blanco eta Moreno bat datoz: "Denborak esango du zerbitzu honetan ze egokitzapen egin behar diren, baina bezeroen beharretara egokitutako zerbitzua eman beharko genuke". Prest azaldu dira biak lan horretan laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak