Asto lasterketa, jaioberriei ongi etorria eta 600 lagunendako paella erraldoia ere ez dira faltako zapatuan

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko eka. 27a, 15:36

Herriko neska-mutikoen euskal dantzen saioa egingo dute, aspaldiko partez.

Mozorro eguna dugu gaur iluntzean zain Elgetan, baina Ferixa Nagusiko jaiak domekara arte luzatuko dira eta zapatuko Herri Eguneko ekitaldien errepasoa egin gura dugu albiste honetan.

Esna deiarekin eta koadrilen hamaiketakoarekin hasiko da eguna. Eguerdian, Elgetako XII. asto karrera jokatuko da. Ikusteko dago aurtengoan ere Mikel Beretxinagak irabaziko ote duen. "Aurten ez da sorpresarik egongo, betiko ibilbidea da"; hala planteatu du ohiko txapeldunak aurtengo txapelketa. Jada askotan ibilitakoa da Mikel Beretxinaga ibilbide horretan, eta, antza denez, astoa ere bai. "Joan den urteko astoarekin parte hartuko dut aurten ere", esan digu. Astoaren izenagatik galdetuta, barre egin du, izenik ez duela esanez.

Asto lasterketaren ostean jaioberriei ongi etorria emango die Udalak. Ekitaldi hori egiten den hirugarren urtea da, eta aurreko urteko jaietatik aurtengoetara jaiotako 13 ume daude gonbidatuta.

Euskal dantzak

Berrikuntza moduan, aurten euskal dantzak egingo dituzte herriko neska-mutikoek. Plaza barrenean izango da, 13:00etan. Udaberrian hasi zuten euskal dantzen ikastaroa eta gaztetxo ugari ibili dira saioak jasotzen. 5 eta 8 urte bitarteko 29 umek eta 9 eta 12 urte arteko 12 haurrek hartu dute parte ikastaroan eta bertan ikasitakoa jendaurrean erakutsiko dute, Jainagaren musikak girotuta. Agurra, Olagueko esku-dantza, Zapatagin dantza, Txulalai eta beste hainbat dantza eskainiko dituzte. Irakasle lanetan Irati Kortabitarte eta Xabat Leanizbarrutia ibili dira.

Herri bazkaria

Gosea eginda, herri bazkaria izango dute jarraian Elgetan. 600 pertsonarentzako paella erraldoia egingo du, aurten ere, Santanderko Vicente Quintanak. Kafea, berriz, erretiratuen elkartearen eskutik izango da. Udalari zor zaizkio eserlekuak eta jantokia, hura arduratuko baita mahaiez eta aulkiez. Herri bazkarirako txartelak salgai daude Julianen kioskoan lau eurotan. Dagoeneko 300 txartel saldu direla eman du jakitera Udalak. Menua da paella, ogia eta kafea.

Zezenak, buruhandiak, Jainaga eta Narbaizaren erromeria... festa egun handia izango da Elgetan. Gauean, gainera, Egan taldeak girotuko du plaza —klasiko bat Elgetan—, eta suzko zezena egongo da. Bolatokian, berriz, bolo txapelketa jokatuko dute.

Kontzertuak

Gazteen lokalean Brutal Calling, Kruders eta Zantarrak taldeek kontzertua egingo dute, 18:00etan. Sarrera hiru euro da. Gaztetxean, berriz, Descantilleos eta Margot taldeek emanaldia egingo dute gauerditik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak