Gogotsu ospatu dituzte aurtengo Ferixa Nagusiko jaiak Elgetan

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko uztailaren 1a

Zapatuko paella janean ia 600 lagun batu ziren, inoiz baino gehiago, eta Vendettaren kontzertuak ere zale ugari erakarri zituen barikuan.

ARGAZKIAK
Mozorroak  Erretiratuen bazkaria  • Puzgarriak • Jaioberrieri omenaldia  • Asto lasterketa • Dantzarien aurreskua Feria nagusia

Eguenean, ekainak 27, hasi zituzten jaiak Elgetan eta atzo, domeka, eman zieten amaiera. Aurtengoan gainera, izan da berrikuntzarik. Izan ere, zapatuan estreinakoz Elgetako haur eta gaztetxoek euskal dantzak egin zituzten Herriko Plazan. Udaberrian hasi zuten euskal dantzen ikastaroan parte hartutako gaztetxoek dantzatu zuten, eta guraso, familiarteko eta herritar ugari izan ziren dantzak ikusten. Euren saioa hasteko, gainera,
aurreskua dantzatu zieten aurreko urteko jaietatik aurtengoetara herrian jaio diren umeei. Jaioberriei udaletxean egindako ongi etorriaren ondoren izan zen hori. Zapatuko paella janean ia 600 lagun batu ziren, "inoiz baino gehiago", Oxel Erostarbe alkatearen esanetan. Eta jende asko erakarri zuen beste ekitaldi bat izan zen barikuko Vendetta taldearen kontzertua; inguruko herrietako jendea bertaratu zen Elgetara hori ikustera. Urtero egiten den asto karreran, berriz, aurten lau parte-hartzaile izan ziren eta hiruk bukatu zuten lasterketa; Mikel Beretxinaga izan zen irabazlea, azken urteetan bezala. Atzo, domeka, egin zen Ferixa Nagusixa eta herritarrek ganaduak eta artisauen postuak ikusi zituzten, besteak beste.

Balorazio positiboa

Oxel Erostarbe alkateak jaien balorazio positiboa egin du: "Ondo joan dira jaiak, oso parte-hartzaileak izan dira, eguraldiak ere lagundu du eta ekintza guztiak oso ondo irten dira", esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak