Barikua, hilak 28, umeen eta erretiratuen eguna izango da Elgetan. Umeendako jolas parkea 11:00etan zabalduko da Salbador kalean eta etxeko txikienek egun osoan izango dute zertaz gozatu. Puzgarriak 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara Salbador kalean. Hiru puzgarri, zezen mekanikoa eta super jumping deritzona izango dira aurten.
Super jumping delakoa ohe elastikoa da eta umeak goma batzuen bitartez lotuko dituzte salto altuak egin ditzaten.
Umeen bazkaria
Gurasoak falta ziren barikuko umeen bazkaria banatzeko, baina azkenean aurkeztu dira boluntarioak eta bazkaria egingo dela jakinarazi dute Jaien batzordetik. 14:00etan egingo dute herriko plazan. Txartelak salgai daude Julianen kioskoan sei eurotan.
Buruhandiak ere izango dituzte haur eta gaztetxoek barikuan, eta baita zapatuan ere; barikuan 18:00etan eta zapatuan 20:00etan, hain zuzen ere.
Erretiratuen ospakizuna
Elgetako nagusiek ere hainbat ekitaldi dituzte barikuan. Meza entzungo dute parrokian 14:00etan hasita. Jarraian, urteroko argazkia aterako dute, eta Espaloia kafe antzokian egingo dute bazkaria. Dantzaldia, aurten, Jose Gardokirekin egingo dute.